Urteetan atzera begiratuz gero, honako datu hauek aurki ditzakegu: 2012. urtean 568 sute (344 hektarea errez), 2013an 177 sute (250 ha), 2014 urtean 464 sute (329 ha), 2015ean 324 sute (361 ha), 2016ko abendua eta 2017ko apiril artean 663 sute, 1.153 hektarea errez… Eta 2019ak zer ekarriko ote digu? Ikatza, beltz-beltza.
Arrazoi bilaka nabil etengabe, izan ere, gure ingurumenari egindako kaltea ikaragarria da. Arrazoietako bat prezipitazio falta izan daitekeela bururatzen zait. Informazioa bilatu ondoren, garbi dago prezipitazioa eskasa izan dela bai otsailean baita martxoan ere (otsaileko batez bestekoa 130 l/m2koa da eta aurten 92.7 l/m2 besterik ez du egin, eta martxoan batez bestekoa 133.6 l/m2koa da eta aurten 73.2 l/m2 egin ditu). Hau ikusirik lehortea izan daiteke arrazoia, ezta?
Bestalde, mendira osteratxo bat egitera ateratzerakoan, mendiak oso zikinak daudela ikusteko aukera dugu. Garbitzeko, kontrolatutako suak egiteko ohitura dago, baimenak eta beharrezkoak diren segurtasun neurri guztiak hartuz. Zikintasun horrek gizartearen bizimodu aldaketarekin zerikusi handia duela pentsatzen dut, izan ere, lehen sektorean lan egiten duen biztanleria kantitatea asko jaitsi da gure eskualdean. Inguruan gelditzen diren nekazariei galdetu eta Gobernuari leporatzen diote utzikeria, laguntza eskasiak medio. Hau ere izan daiteke arrazoia, ezta?
Baina… ez! Aurtengo suteen atzean giza eskua dagoela dudarik ez dut egiten. Gainerako faktoreek lagundu dutela? Noski baietz, baina gizakia izan da erruduna, nahiz eta ikertzaileek azken hitza eduki.
Lerro hauek erabili nahi nituzke suhiltzaileek egiten duten lana goraipatzeko, zuek baitzarete benetako heroiak. Profe- sionalki suak itzaltzen lanean aritzen zareten uniformedun guztiei bihotz-bihotzez mila esker. Baina nire aipamen berezia suhiltzaile boluntario eta uniformerik gabe sua itzaltzeko gogo eta intentzio guztiarekin lan egin duzuen guztientzat izatea gustatuko litzaidake, musu-truk zuen bizia arriskuan jartzeko inolako beldurrik ez duzuen guztientzat. Zuen adorea mirestekoa da eta nire begirune guztia duzue. Zuen lana ezinbestekoa da gure eskualdean eta ez zaizuela behar bezala eskertzen iruditzen zait. Zuei ere, bihotz-bihotzez nire eskerrik beroena helarazi nahi dizuet, banan-banan guztiei, modu batean edo bestean, suak hiltzen lagundu eta laguntzen duzuen guztiei. Biba zuek!