Udako bestak

Uda ailegatu da, eta horrekin batera udako besten egutegi zabala: sanpedroak, sanferminak, santiagoak, sanestebanak, santiburtzioak, amabirjinak…

Bigarren urtez, gure besta egiteko modua aldatu eta ez-bestak izanen ditugu gure herrietan. Baina, zoritxarrez, oraindik ere gure artean da gaitza, eta ez naiz Covid-19az ari. Bestaren testuinguruan, bertze hainbatetan bezala, emakume izate hutsa zaurgarritasun bat da heteropatriarkatuaren izenean. Berdin du nolako emakumea zaren, altua, ttikia, lodia, argala, gaztea, heldua, polita, ez hain polita, gonaduna, beltzarana... zortea zure kontra bada, eta behar ez denarekin topo egiten baduzu, zuri ere gerta dakizuke. Emakume izateak bortxagarri egiten gaitu.

Eta hau guztia jakinda ere –eta eskerrak– egunez zein gauez dantza eta irri lasai egiten dugu, bakarrik bidaiatzera ausartzen gara, nahi dugun arropa janzten dugu, laztanak eman eta jasotzen ditugu, jaietara joaten gara, xirriak egiten ditugu... eta, denaren gainetik, bizi gara. Anitzek horrelakorik nahi ez badute ere. Karrika zanpatzen dugun bakoitzean ez dugu zertan inposatu diguten zaurgarritasun eta ahultasun hori gainean eraman. Gizarte guztiak badaki gauez –eta kasu batzuetan egunez ere– hainbat tokitatik pasatu behar izateak emakumeoi beldurra ematen digula. Baina, norbait seinalatzekotan, ez ni seinalatu. Izan daitezela bortxatzaileak seinalatuak.

Ez da emakumeon errua gure izterrek, arropek, makillajeak, dantza egiteko moduak edo dena delakoak inoren kontrolatu ezinezko desio sexuala piztu izana. Desioa piztu dizun lagunarenagan hurbildu eta honek ezezkoa ematen badizu, sentitzen dut, baina besta bertze modu batean segitu beharko duzu. Hemen, bakoitzak maneiatu behar ditu bere ezinegonak.

Gaur egun edozergatik paratzen omen ditugu salaketak emakumeok. Bertzalde, egunerokotasunak bertze errealitate bat erakusten digu. Hilabete honetako berriak ditugu hauek: apiriletik aitak bahituta zituen bi alabetako baten gorpua topatu dute Tenerifeko uretan. Aitak bahiketa hau bikote ohia den haurren ama zigortzeko egin du. Aste berean, Madrilgo taula gainean txalotua izan da Placido Domingo tenorea hainbat emakumeren gehiegikeria eta jazarpen salaketak izan ondotik. Maiatz hondarreko astean sei emakume erailak izan ziren beren bikotekide edo bikotekide ohiaren eskuetan. Eta datuak goitirantz doaz.

Badakit beti erretolika berdina aditzeaz nazkatuta zaudetela, baita gu zabarkeria hau jasateaz ere. Horregatik, eta 2021eko udako ez-bestak ahal bezain ongi pasatzeko, dantzatu, irri egin, laztandu, maitatu, edan, kantatu, jan eta batez ere, errespetatu. Eta ezetza ez dela ulertzen ez duen horrek hobe izanen du etxean gelditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun