Aldarri hauen testuinguruak ez dira sekula berdinak izaten, eta egun, Covid-19aren eraginez, oraindik eta bereziagoa da. Osasun larrialdiak eta honek ekarri dituen prebentzio neurriek gizarte osoaren eskubideak urratzeko aukera eskaini die agintariei, eta, zer erranik ez kartzelan dauden lagunen eskubideak. Dudarik gabe, egoera honetan presoen eta iheslarien zein beraien senideen egoera larritu egin da. Kartzelari kartzela barruko bertze zigor bat ezarri zaio, dispertsio politika eta urrunketa inposatuaz aparte, euskal presoak senideekiko zein lagunekiko harremanik gabe, inoiz baino isolatuago gelditu baitira. Zigor gehigarria ezarri diete salbuespeneko politika honekin. Bizitza guztirako kartzela zigorrak indarrean jarraitzen du eta Etxeratek argitaratutako datuen arabera, egun, oraindik ere, euskal presoen %80 lehen graduko egoeran dago eta horien artean, batzuek hogei urte baino gehiago daramatzate (Etxerat, 2021). Urte hasieran, Zaballako espetxean bi lagunek bizitza galdu zutela ere jakinarazi ziguten. 2020an sei presok bizitza galdu zuten Arabako espetxean (Salhaketa, 2021). Ikaragarria.
«Gure preso eta iheslariak bahituta dituzten bitartean, gure etorkizuna bahitu dute».
Iñaki Lagabaster Euskal Herriko Unibertsitateko katedradunak eta Amaia Goirigolzarri abokatuak hirurehun legelariren izenean aldarria argia egin zuten: «egungo espetxe politikaren larritasun handiena legez kanpokoa izatea eta oinarrizko eskubideak ez errespetatzea da» (Sare, 2020).
Eta nola diren gauzak. Gibelerat pixka bat begiratzen badugu, 1988ko urtarrilaren 12an sinatu zen Ajuria Eneko Itunak zioena datorkit burura, zeinean borroka armatua bukatzen zenean euskal preso politiko guztiak kalera ateratzea arazoaren konponbidea izanen zela onartu zen. Itun honen sinatzaileen artean zeuden PNV, PSE, AP, CDS, EA eta EE. 2011n adostu zen armagabetzea, baina ez da ez barkamen eskaerarik, ez presoen hurbilketarik, ez deus ere ailegatu. Itunaren funtsa bi aldeek zerbait ematea da, baina, oraingoz, soilik batek egin du esfortzua.
Lehen argi bagenuen, orain inoiz baino argiago dugu. Gure preso eta iheslariak bahituta dituzten bitartean, gure etorkizuna bahitu dute. Euskal preso politiko eta iheslarien etxeratzea arrazoizkoa eta, zinez, gizalegezkoa da. Adituek ere horrela erran dute. Herritarren gehiengoak horrela aldarrikatu du. Sentipen, pentsamendu eta ideologia guztien gainetik etxean behar eta nahi ditugu. Haien ametsak, gureak ere badirelako.