Estrasburgoren mugak

Erabiltzailearen aurpegia

Duela urtebete, 2018ko otsailaren 13an, Estrasburgoko Auzitegiak epai baten bitartez Espainia beste behin ere kondenatu zuen, Portu eta Sarasola kasuaren harira. Epaia ezohikoa izan zen, Estrasburgok adierazi zuen Espainiako agenteek tratu txarrak eta ez-gizatiarrak eman zizkietela atxilotutakoei.

Aurreko beste kasuetan Espainiako autoritateei behar bezala ez ikertzea leporatu izan zaie. Kontuan eduki beharra dago tortura definizioz ezkutuko lekutan gertatzen dela, lekukorik gabe, atxilotuak guztiz polizien eskuetan daudela. Horretan oinarrituta, Estrasburgok obligazio prozesala ezartzen die estatuko ordezkariei: haiei dagokie gertatu denaren bertsio koherentea eta sinesgarria ematea. Haiek ikertu behar dute salaketak daudenean, haiek bakarrik argitu dezaketelako. Beste hitzetan: ikerketarik ez badago, ezingo da tortura dagoenik frogatu (Espainia, 2018).

«Espainia noiz ausartuko da torturak behar bezala ikertzen?»


Portu eta Sarasolaren kasuan denok ikusi genituen tortura eta tratu txarren aztarnak. Atxilotu eta berehala ospitalean bukatu baitzuten bi lesakarrek, kolpatuak goitik behera, saihetsak eta guzti apurturik. Susmo horien aurrean Estrasburgok orain esan du, batetik, tortura-debekua alderdi prozesalean urratu dela behar bezala ikertu ez delako; baina, haratago joanez, aldarrikatu ere egiten du, tratu txarrak egon zirela  (Landa, 2019) .
Tortura sistematikoki ukatzen den testuinguruan Auzitegi Gorenak kasuari buelta eman, eta Guardia Zibil guztiak absolbitu zituen. Gertakizun honetan bi bertsio daude; atxilotuek torturatuak izan zirela zioten, alde batetik, eta, bestetik guardia zibilek ezetz, atxiloketaren aurreko erresistentziaren ondorioa besterik ez zela. Horren aurrean, auzi medikuen txostenak erabakigarriak izan dira  (Gamiz, Moñux, Ormazabal eta Salinas, 2018) .
Demokrazia, bakea eta justizia bermatzeko epaile eta administrazio sendoa behar dira. Baina Espainiako Justizia noiz ausartuko da tortura kasuak behar bezala ikertzen? Hau ikertu bitartean, Estrasburgo dugu itxaropen bakarra. Hala ere, Estrasburgok ere bere mugak ditu: berandu baitator. Baina, behintzat, injustizia egin eta ukatu ondoren, lezioa ematen du: ez da gutxi.

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun