Putzu batean sartu ditu zapatak, erosi dizkioten berriak beretako egokiak ote diren frogatzeko eta oihukatu dio amari «ez zaie urik sartzen!» Erreka bazterrean, arbolek aitzineko udan botatako azalarekin bidaiatzeko txalupak egin eta denak bidali ditu korrontearen alde. Gero adar batekin neurtu du uraren sakonera eta adarra bere parean paratu du bera noraino bustiko litzakeen jakiteko. Tximeleta pasatu zaigu paretik eta haratago katagorria ikusi dute batzuk. Bertze batzuk «pi hamar, pi bederatzi,…» ari dira eroritako enborraren gibelean altxatuta, eta ttipiena gibelean gelditu da oraintxe ezagutu duen gizonaren makilari helduta. Adinekoari begiak busti zaizkio, espero ez zuen zerbait agertu balitzaio bezala bere eguneroko erreka bazter honetako paseora. «Eskolako ordu guzietan, haurren beharra duen bizitza aunitz dago kanpoan», pentsatu dut. San Jose loreak ere hor daude, urtero goizago ateratzen ari direla norbaitek ikusteko esperoan.