Zuei

Erabiltzailearen aurpegia Izaskun Igoa Jaimerena 2024ko uzt. 13a, 10:30

Uztaila. Ez dakit negua arras negu izan den, udak berotuko gaituen eta udaberriak eta udazkenak non gelditu zaizkigun. Zuei esker, hala ere, hasi naiz behatzen ikasten.

Haurrak. Zehazki zuek. Egunero-egunero zuekin elkar bizitzeak ikaskuntzaz bete dit urtea. Egunero erakutsi didazue biharrari baino gehiago orainari ematen atentzioa, egunero bistaratu didazue mundura ez garela inor inoren espektatibak betetzera etorri. Egunero, intentzioak arras inportanteak direla baina egiten dudanak uzten duela arrastoa azkenean. Egunero, ez dagoela denentzat egokia den formarik. Ez dagoela aitaalaba, ama-ama, lagun-lagun eredurik. Edo, egon badirela ereduak, baina inor ez garela ereduetan kabitzen. Zuk eta nik ziurtatu behar dugula zuk eta nik hemen egon nahi dugun.

Zuen ahots, poema, irri, haserre, josteta, begirada, gardentasun eta intuizioek bete dizkidate egunak. Esker mila zuei: animaliak bezala ibiltzeagatik ondoan, gainean. Jendearen hurbiltasun beharra sumatu, usaintzeagatik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun