Agurrak eta kantuak

Erabiltzailearen aurpegia Izaskun Igoa Jaimerena 2023ko abu. 12a, 09:00

Duela aste batzuk, pertsona bati egindako agurrean egon nintzen. Heriotzak hartzen duen tokiari dantza. Uzten duen hutsuneari hitz, kantu eta malko.

Heriotzak eta erabakiek galerak ekartzen dizkigute: galtzen ditugu familiakoak, lagunak, bikotekideak, hurbilekoen hurbilekoak eta ez hain hurbilekoak. Eta agurrak ere galtzen ditugu, ez delako hain sinplea aio erratea. Agurra egitea.

Eta hor dator musika, gu erreskatatzera. Haizea, hostoak, xuxurlak, isiltasuna eta kantuak. Beldur diogunari begiratzen eta zailak diren tokietan egoten laguntzen digute ahots, nota eta melodiek. Erritmo bat ematen diote gure min eta maitasunari. Eta galdera bat etorri zait gogora: egin daiteke agurrik kanturik gabe?

Agurrak, akaso, paktu bat dira: erabakitzeko ze kantuk iraunen duen elkarren bizitza eta heriotzaren artean. Ze kanturen ondoan eman behar ditudan pausoak zu ez zaudenean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun