Eta doluak dituen fase horietan guztietan gabiltza buelta eta buelta, aitzin-gibel batean. Ukapena, haserrea, batzuek onarpena, buelta aitzinekoetara eta segi. Sufrimenduzko momentu honetan, aitzineko bizitza eskainiko digun edozer onartuko ote dugu?
Kasu egiteko garaia da dolua; falta dena berreskuratzeko obsesioan egin ditzakegun gauza ez onargarriez adi egotekoa, emozio pisu eta etorkizuneko beldur konpartituei kasu egiteko garaia ere. Elkarganatzekoa, elkar goxatzekoa. Isiltasuna eta mintzatzearen artean modu berrian jostatzekoa; barnak hustekoa eta ahal den neurrian, bai barnean, bai kanpoan, ilusio pixka bat ereitekoa.