Terapeuta, bidelagun eta bertze gisako profesional batzuek diote, gaur egun jendartean behin eta berriz ateratzen den kezka edo arazo batek gure existentziarekin lotura gehiago duela, gaixotasunekin baino. Hau da, ohikoa dela pentsatzea burua 'gaizki' dugula, eri gaudela, traumaren bat dugula, iraganeko zerbait konpondu gabe edo etab. luze bat. Batzuetan edo gehixeagotan, bai; batzuetan laguntza behar izaten da halakoak konpontzen laguntzeko. Baina, bertze batzuetan, arazoa izaten da ez dakigula nola leeetxes bizi. Ez dakigula zer egin nahi dugun, zertan aritu nahi dugun, zer dugun eskaintzeko edo zer eskaini nahi dugun (edo ez dugun nahi) gure inguruetan. Eta aldi berean, mila gauza diferente momentu berean egiteko presioa sentitzen dugu. Gehienetan kontrajarriak gainera. Gehi, ezin da denborarik hartu, dena segidan erabaki eta jakin behar dela iruditzen baitzaigu edo mezu horiek hartzen ditugu kanpoaldetik. Hainbertzeko aukera zabala dugu orain, gure bizitzaren gain 'ustez' hainbertze erabaki hartzeko aukera, horrek berak blokeatzen gaitu.
«Etorkizunerako antsiaz bizi gara maiz, eta hala, egunak 24 ordu ditu, baina ez du denborarik»
Etorkizunerako antsiaz bizi gara maiz eta hala, egunak 24 ordu ditu, baina ez du denborarik. Egun batek denbora duela sentitu nuen azken aldia konfinamendua ote zen? Egin nahi-behar den dena egiteko denbora falta dela pentsatzeak eta sinesteak, ezinegon handiak sortzen ditu eta akaso jendarteko antsietate mailak goititzeko erremedioa ere bada. Lehenago lan egin gabe egotea bekatua zen bezala, egun, denbora batez zerbait produktiboa egin gabe egotea aski igualtsua da. Hortaz, harat eta honat ibiltzen gara, zenbat eta gauza gehiago egin, hobeki izanen delakoan. Eta bertze batzuk, hori ezin egin, eta beren etxeetan, geletan gelditzen dira (bekatutik hurbil, zerbaiten errudun sentitzen). Jendeak beldurra emateraino eta jende aitzinera ezin atera. Eta antsietate zirkulu horietan, nola ikusi zentzua?
Zer egiten ahal dugu honen aitzinean? Nola lagundu elkarri? Bizitzak bere horretan zentzurik ote duen... .Baina egia da zentzua ematen saiatzen ahal garela edo akaso horretan zerbait egin dezakegu elkarrekin. Nahiz eta ez ongi sentitu, zentzua eman nahi dionak aunitzetan zentzua gauzarik xumeenean harrapatzen baitu: egunsenti bat, kantu bat, malko batzuk, begirada bat edo arbola bateko adarrak, urtez urte hostoak galduta, behin gehiago hostoari emaneko sorrera.