Lur horiez gain, geure lehen lur bat ere badugu. Quitoko Colectivo Miradas Críticas del Territorio desde el Feminismo taldeak gorputza kokatzen du bertan. Halaxe diote: gorputza gure lehen lurralde bezala pentsatzen dugu, eta lurraldea gorputzean antzematen dugu; bizi garen lurrak bortxatzen direnean, geure gorputzetan dago eragina, gure gorputzetan eragiten denean, bizi ditugun lurrak bortxatzen dira.
Lurra azken finean oinarria da; guztiak badu ikusten dena baino aunitzez sakonagoa den oinarri bat eta gu hartan bizi gara. Kontua da batzuetan zaila izaten dela jakitea (eta geure buruari onartzea zer erranik ez) edo ez dugula jakin nahi izaten zein oinarri ari garen eusten, bizitzeko dugun formarekin, pentsatzen ditugun pentsamenduekin, plazer eta sufrimenduarekin dugun harremanarekin, egiten ditugun ekintzekin, gure gorputzetan bizi garen moduarekin, gorputzak tratatzen ditugun erarekin, erraten dugunarekin edo ez dugunarekin erraten, dantzatzen ditugun dantzekin edo ez ditugunekin dantzatzen, sortzen dugun musikarekin edo ez dugunarekin, begiratzen dugun moduekin eta ikustera iristen garenarekin.
Eta akaso oraindik zailagoa, ohituraren ohituraz egin dugun hori egitetik uztea. Ohiturek segurtasuna ematen baitute zu lur horretakoa bazara eta lur horretan izaten uzten bazaituzte. Hori ez denean kasua, ez hainbertze. Batzuetan, garai batean sortu zenaren zati bat hiltzen utzi behar izaten dugu, izan zenak izanen denari tokia uzteko, izan zenetik izanen dena sortzeko.
«Guztiak badu ikusten dena baino sakonagoa den oinarri bat»
Hala, sortzen ditugun lurretan, geure buruari galdetu beharko diogu nor sartzen diren, zein gorputz egon daitezkeen eta zein ez, zeinentzat den zola eta zeinentzat oztopo. Eta denon ardura ere izan daiteke, oztopoa denetan, hazi berriak landatzea zaharrekin batera; zutik, eserita edo herrestan ibiltzeko. Zutik, eserita edo herrestan bizitzeko.
Maite ditut aldatzen diren lurrak, eraldatzen laguntzen dutenak, zapatu daitezkeenak, kabitzen uzten dutenak. Maite ditut heriotza bizi dutenak, amaiera dastatzen dutenak, minak onartzen dituztenak eta tokia ereiten dutenak. Behin eta berriz, gero eta gehiagori, sortzeko lekua ematen dietenak.
Izaten uzten duen lurra.