Arau berdinarekin neurtzen ditugu gure bizipen propioak gero. Kanpoalderantz zer islatzen duten pentsatuz. Kanpokoak ikusiko duena da neurgailua.
Esperientzien formek elikatzen dute gure irudimena, halaxe bizi oso bat imajinatzen dugu WhatsApp-ean paratutako irudi batetik ere. WhatsApp edo bertze edozein tirita «sozial» delakoan.
Argazkietatik imajinatu dugu, zenbat eta zenbat gauza egin dituen batek Eguberrietan, zenbat tokitan egon den bertzea aurten, ze su ederren aitzinean dagoen hura, ze mendi, ze berde, ze ur azuletan, zenbat jenderekin dagoen, zenbat irri argazkiaren segundoan, ze postre, ze eguzki izpi, ze zeru, ze instrumentu, ze konpainia, ze monumentu, ze, ze… ez dakit zenbat ze gehiago. Harritzekoa da ere inork elkartzeko erabiltzen ez dituen zenbat plaza agertzen diren argazki horietan. Segundoetan, gure buruak bertzearen bizi ideal bat sortzen du.
«Argazkikoak nolakoak liratekeen pentsatuz baloratzen gara»
Irudiaren munduan formak ikusteko talentua soberan dugu maiz, baina edukiez ez gara aise jabetzen.
Ez dugu imajinatu, harreman bati iraupena nola eman edo bukaera nola moztu ez jakinez goititu duela batek mendia. Munduko ur ederrenetan, uretara joan denarekin haserreturik zegoela bertzea. Bidaiako helmugan baino hobe pasatu duela joateko eta bueltarako bidean. Erakutsitako argazkian ez duela erakutsi nola dagoen. Zer pentsatzen duen. Zerk betetzen duen. Zerurik erakutsi ez duena airean sentitu dela momentu honetan. Eta bertzea lurrean. Berdin du. Gauza ez da orain dena normalean egiten dugunetik aldrebes pentsatzea. Ez dudana ongi ulertzen zera da:
Zenbat gauza erreal ez ditugun imajinatzen argazki ideal horietan. Azken batean, argazkia zuk erakutsi nahi duzuna da. Erakutsi nahi duzun errealitatearen zati ñimiño bat. Baina behin eta berriz atzentzen zaigu eta gure momentuen argazkiak nolakoak izanen liratekeen pentsatuz baloratzen gara, momentua zerk betetzen duen ohartu gabe.
Testu honen formak ere luzera bat eskatzen du eta beti ez da hain erraz betetzen bat ez dagoenean edukiz horniturik. Bertzeei buruz aritzen zara orduan, eta noizean behin, komeni zaizunean, lehen pertsona pluralean sartzen duzu zure burua.
Nire buruari gauzak errateko forma bat baino ez da.