Desira?

Erabiltzailearen aurpegia Izaskun Igoa Jaimerena 2019ko uzt. 18a, 14:00

Irakasle batek azaldu zuenez, desira telefonoz deitzen duzun lagun baten antzekoa omen da arras. Zuk deitzen duzunean, hark ere deitzen du. Deitzetik uzten duzunean, desirak ere poliki-poliki deiak guttitzen ditu. Deitzetik utzi arte.

Aunitzetan aditu dut badela desira gehiago eta desira guttiago sentitzen duen jendea. Batzuek denbora luzez ez dutela sentitu eta haiek desira gutti sentitzen duten horietakoak direla. Ba omen dira urte luzez haren berririk ere izan ez dutenak. Desirarik ez sentitzea, normaltzat hartu dutenak. Edo arazo bat dutela sentitu dutenak.
Hau da, desira sentitzea edo ez, sortzez berezkoa den zerbait bezala ulertzen dugu aunitzetan. Horrez gain, ez badugu «ustez tokatzen zaiguna» desiratzen, pantailetan ageri diren gidak ez baditugu segitzen… desira gabeko ikusten dugu geure burua, edo ikusten gaituzte.
Atzentzen zaigu desira ez dela guk nahi dugun ordenakoa. Ezin dugula antolatu. Beti ez dugu berdina desiratzen, momentu berdinean, eta justu ongi heldu zaigun uneetan. Desira ez da beti eguneko lanak akitu eta logalea sartu aitzineko momen-tuan etortzen. Geure buruari solasteko erabil-tzen dugun moduek ere eragina dute desiran eta «egin behar» horien eta exijentzien zerrendek ez dute gehiegi laguntzen.
Desira desordenatua da.

«Nahi duenarentzat udarako desira ariketa bat proposatuko dut»


Galdera aunitz ditut desiraren inguruan, baina badago buelta eta buelta darabilten bat: norberak bere buruarekiko sentitzen duen desirak eragina al du kanpokoarekiko sentitzen duenean?
Udarako desira ariketa ñimiño bat proposatuko dut, probatu nahi duenarentzat: bakarrik egoten ahal zaren toki eta momentu bat bilatu. Momentua, ahalik eta luzeena. Gela edo egonen zaren espazioa zure gustura jarri. Ez duzu dekorazio saio bat egin beharrik, baina erabaki zein argi nahiago dituzun, kandelak bai edo ez, zein usain, zerk sentiarazten zaituen hobe. Aukeratu nolako testuraren gainean jarri, etzan edo zutik egonen zaren eta zuk, zerbait izanen ote duzun soinean edo ez. Nahi baduzu ispilu bat gehitu dezakezu zure aitzinean. Eta nire gomendioa, egoera horretarako gustukoa duzun musika aurikularrekin jartzea da. Desiratze-desiratua izate jokoan hastera…  Bota olioa edo krema, esku edo ontzi batera. Pixka bat hartu eta aurpegiko xoko guztietan hedatu hatz bakar batekin. Hasi kopetatik eta kokotzeraino, olioztatu osorik. Kokotza eta sorbalden arteko azalera ere milimetroz milimetro ukitu. Beheranzko noranzko horretan, saiatu normalean kasurik egiten ez diezun azal zati guztiak bilatzen. Emaiezu ukituak izateko aukera eta plazera. Giza gorputzaren larruazalak bi metro koadro ditu gutti goiti-beheiti; gozatu biak, oso-osorik, olioz estaltzen.
Uda desordenatu ederra izan!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun