Postaletako herria

Erabiltzailearen aurpegia Iratxe Muxika Karrion

Ezinen nuke aukeratu kamera non paratu gure herriari argazki eder-eder bat ateratzeko. Ezinen nuke aukeratu, leku bat baino gehiago etortzen zaizkidalako burura. Sasoiaren arabera desberdina zatekeen, eta karrikan dabilen jende kopuruaren arabera ere bai. Bisitari bati baino gehiagori aditu diot postaletako herria dela gurea, eta nik imajinatu ditut bisitari horiek urruti-urrutiko lagunei gure karriken argazkiak bidaltzen. Ilusioa egiten dit.

Eta harrotasuna sortu ere bai, bai baitakit herria ez dela polita hala sortu zelako soilik, baizik eta hala izan dadin mantentze eta zaintza lanak egiten dituztelako herritarrek. Norberak txukuntzen ditu bere atariak, eta langileek ureztatzen dituzte loreak, belarra mozten, lurra garbitzen, lurra moldatzen, zaborra biltzen. Horrela egiten da postaletako herri bat.

Gezurrik ez dut erranen, ez naiz anitzetan igo goitiko frontoiraino. Noiz edo noiz bai, lagunekin frontenis partidaren bat jokatzera edo patinetan ibiltzera joaten ginenean, frontoiaren luze zabalean bueltaka. Herriaren zati handi bat ikusten da handik, eta beti egon ohi zen irekita, nahi zuen orok nahi zuen guztietan erabil zezan; polita zen ikusmira. Eskailera batzuk jaitsiz gero, eskolako parkean bukatzen da bidea, eta hor ere igaroak ditut zenbait ordu. Musika eskolara sartu aitzinetik edo behin handik ateratakoan, erraterako. Eta parkeko atakatik beheiti soa luzatuta, ikastolako pista. Haurtzaroko memoria erdia-edo lur gorridun eremu horretan eraiki dut. Postaletarako ere balio zezakeen hiruretako edozein lekuk.

Baina orain ez. Orain ezin da Tantirumairu Ikastolako, Irain eskolako, Magala haur eskolako edo frontoiko argazkirik saldu. Orain ez ditut leku horiek ezagutzen ia: ez daukate nire oroitzapenetako tankerarik. Orain zaborra dago edonon, zaborra nahita zabaldua, asmo txarrez egina, eta nik ezin dut ulertu zergatik hondatu dituzten gure herriko hainbertze leku. Agertu dira mahaiak erreta, aulkiak xehetuta, paretak pintatuta, leihoak hautsita, lorontziak iraulita, giltzarrapoak bortxatuta, teilatuak teila faltan, ateak hondatuta, pertsianak errailetatik aterata, eta halakoen zerrenda luze bat. Ez dakit zer herri ari garen eraikitzen, zer herri ari garen ondorengoei uzten, eta non sartu dugun hanka. Ez dago eroslerik halako postalik erosiko lukeenik.

Hemendik aitzinera, arratsaldeetan eta asteburuetan, itxita egonen dira nola bi ikastetxeak hala frontoia, eta hori dena egin dutenak lasai hartuko ditu loak. Lasaiago zaudete orain? Amorrua askatzeko ekintza bat izan da hori dena? Haserrearazi nahi gintuzuen? Arnasa hartzea eta solastatzea ere bazen aukera bat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun