Lehenbiziko pausoa: aurpegia garbitzeko gel batekin igurtzi aurpegia. Estal dezala azalera oso-osoa. Bigarrena: aurpegia garbitzeko gel apartsu batekin garbitu aurpegia berriz. Hirugarrena: begi eremurako krema eman begien bueltan-bueltan. Laugarrena: itxuraz berdina dirudien bertze krema bat paratu kopetean eta kokotzean. Eta leunki zabaldu. Borzgarrena: serum batekin busti betileak, eta hura idortu bitartean, bertze serum baten tanta batzuk bota masailetara. Betileak luzatzekoa da lehenbizikoa, eta zimurrak ekiditekoa bigarrena. Azken pausoa: Antiaging krema eman aurpegi osoan, eta minutu bat esperatu azalak produktua ongi-ongi xurgatu arte. Makillatzen hasiko da orain.
Lau bat minutuko bideoa da denera, eta halako milaka daude sarean. Ikusten ari nintzen bideoaren kasuan, adibidez, lagunekin gelditua zelako ari zen neska aurpegia prestatzen, presaka eta berandu ailegatuko zela antzeztu bitartean. Berez-berez, bideoak ez du aparteko deus txarrik, ez bada pantailaren bertze aldeko neska ez zela neska bat, baizik eta haur bat, eta bere azala hamar urterekin ari zela adinaren eta zimurren kontrako dozena bat produktu irensten.
Ez dakit zer sentitu nuen gehiago, tristura edo beldurra. Beldurra, ez delako normala hamar urterekin lagunekin arratsaldean gelditu zarelako bi ordu pasatzea aurpegian kremak eman eta eman. Beldurra, ez dakidalako kalkulatzen zenbat balioko duen poto ttiki horietako bakoitzak, baina iruditzen zaidalako anitz izanen dela. Beldurra, uste dudalako haur horrek ahal duen guztietan eginen duela errutina bera, izan ikastolara joateko edo izan familiarekin bazkaltzeko, eta balitekeelako zaurgarri sentitzea produkturik gabe doan bakoitzean. Beldurra, mundu geroz eta natural bat nahi dugulako eta mundua geroz eta desnaturalagoa delako. Beldurra, ez dakidalako nola heldu garen honaino. Eta tristura, azkenean arrazoia eman beharko diodalako azken aldian etengabe aditzen ari naizen esaldiari: «Mundua pikutara doa».
Uste dut esaldi horren igorleak ez zirela bereziki makillajeaz eta kremaz ari, baina Trumpek eta Netanyahuk adinako beldurra ematen dit niri honek. Krema horiek denak, finean, azalari eragiten diotelako guttien, eta buru barrenari gehien.