Atzoko egunez

Erabiltzailearen aurpegia Iratxe Muxika Karrion 2025eko uztailaren 31

Berripaper hau argitara ateratzen denerako, uztailak 30 pasatua izanen da. Egun hori efemeride gisa ulertzen badugu, ziur egonen dela zer ospatu, edo zertaz kexatu, edo…

Atzo hamalau urte Jose Luis Rodriguez Zapatero orduko Espainiako Gobernuko presidenteak Gorte Orokorretarako hauteskundeak aitzineratu zituen, eta azaroaren 20rako egin zuen deia. Emaitza gehiengo absolutu bat izan zen: PP Alderdi Popularraren garaipena. Orain, hamalau urte geroago ere, eskuinaren igoera eta euskararen kontrako olatu baten etorrera sumatzen ari gara herrian. Gauzak anitz aldatu direla diogu, baina ez dakit zer den aldatu dena, zehazki. Euskararen kontrako erabakiak hartzen segitzen du Espainiako Gobernuak, eta nik pentsatu nahi dut gure herriak, euskararenak, ez diola utziko manta azpiko altxorrik lapurtzen. Duela bi, baina, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epaia; zeinak, bertzeak bertze, euskarari lehentasuna emateko aukera ukatzen dien hango udalei. Voxek egin zuen eskaera, eta gainerakoei ez zaie eskandalu bat iruditu.

Atzoko egunez, duela 50 urte, Espainiako Poliziak Josu Mujika hil zuen, eta, 503 urte gibelera, Kasedako (Nafarroa) bortz herritar tortura zigorrera kondenatu zituzten gaztelarrek. Atzoko egunez, duela 89 urte, hil ziren Adela Campaña Ortiz eta Asuncion Campaña Ortiz; nafarrak biak, bortxatu ondotik fusilatuak. 125 urte lehenago, Miguel Hidalgo hil zen; hark eman zion hasiera Mexikoko Independentzia Gerrari.

1749. urtean, uztailaren 30. egunez, ijitoen sarekada bat egin zuten Espainian, hain zuzen ere, Fernando VI.a orduko erregeak agindu hori eman zuelako. Hala, ijitoak atxilo hartu eta lan eremuetara eraman zituzten, preso hartzeko bertan.

2025. urteko uztailaren 30ean, euskaldunok segitu beharko dugu presazko agerraldiak egiten Espainiako Auzitegi Gorenari hizkuntza eskubideak errespeta ditzan eskatzeko. Edo euskara bigarren mailako hizkuntza izatera kondenatu dutelako. Edo erabaki dutelako euskaldunok ez daukagula eskubiderik behar dugun arreta gure hizkuntzan hartzeko. Edonola den, ez da auzitegietara joan beharrik euskararen kontrako oldarraldiaren berri izateko; guk egunero eta zerbitzurik oinarrizkoenetan sumatzen dugu. Aditzen diguzue?

Euskal Herritik kanpo gertatzen diren kontu gehiegik eragiten dute Euskal Herrian.

Bitxia iruditu zait atzoko eguna, hainbertze sarraski gertatu ondotik ere, Pertsonen Salerosketaren Aurkako Nazioarteko Egun izendatua dela; begiratzen den aldearen araberakoa izanen da.

Efemeride alaiagoa izanen zela uste nuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun