Triunfo kalekoak

Erabiltzailearen aurpegia Iratxe Muxika Karrion 2025ko urt. 19a, 09:30

Udazkeneko lehendabiziko hotz eguna zen, eta hilabete luzez armairuan egondako bufanda usainez abiatu nintzen Donostiako Triunfo kalera, grabagailua eskuan. Hitzordua nuen; elkarrizketa bat, hain zuzen. Salvadortar emakume bi zeuden hotelaren harreran esperoan, nik hala eskatuta, haien bizipenak kontatzera etorriak. Musuz eta besarkadez agurtu ninduten: «Mucho gusto».

Heldu-heldua zen bat eta kide gaztexeagoak laguntzen zuen besotik; hirurak egin genuen igogailuan goiti. Feminismoak eta haren aldeko borrokarako grinak batu zituen bi elkarrizketatuak, orain hamabortz urte-edo. Kafea ekarri ziguten logelara eta pasta batzuk eskaini zizkidaten; hantxe gosaldu genuen, nik bigarrenez eta lehendabiziko aldiz eurek.

Haien herrietako errealitatez, arazoez, ilusioez eta bizipenez galdetu nien, eta nik ere azaldu nien nolakoa zen hemengo gure bizimodua. Elkarren artean hain ezberdinak izanagatik harrituta aditzen genion elkarri, eta bigarren kafe bat zerbitzatu genion geure buruari. Une hartatik aitzinera —eta lehendik ere, hain segur— pribilegio posizioan kokatu nintzen. Eider eta Lide deituko ditut emakumeak.

Eider ahoan bilorik gabe solastatu zen, hitz itsusiekin-eta, eta nire galdera bakoitzari bertze galdera bat lotzen zion. Askatzeko gogoa antzeman nion hasieratik. Lide, ordea, lotsatiago agertu zen; uste dut hark ez zuela hain argi zertan ari zen Triunfo kaleko gela hartan. Nik azaldu nion ez zuela nahi ez zuen deus errateko beharrik, eta lasaitua hartu zuen. Eiderrek galderak erantzuten zituen bitartean, baina, zera kontatu zigun Lidek: barrenean zerbaitek ematen ziola min baina ez zekiela ongi zerk. Orduan ohartu nintzen zenbatetan egiten dugun gizakiok hori: odola idortu, artean zauririk bilatu gabe. Nik, badaezpada, ulertzen nuela erran nion. «Badakizue minarekin zer egiten dudan nik?», erran zigun Eiderrek. «Pozarekin estali». Bietako zein lehenesten den.

Gerrara joan behar izan zuelako alaba uztera behartua izan zen Eider, eta, hori egitera behartua izan zela dakien arren, damu da egin zuenaz. Lide, berriz, amak gerrara joan behar izan zuelako utzitako haurra da; Eiderren inguruan zebilen ama batena. Minetik begiratu zuten gibelera; dena ezin da pozarekin estali.

Elkarrizketa bukatzen ari zela, Eiderrek Eguberrien tankera hartu omen zion ikusten ari zenari: kanpoa hotz, mahaia bete janari eta barrena goxo-goxo. Eguberri hauetan ere, ordea, izan dira haur utziak, aulki hutsak, jaki urriak, otordu bakartuak eta etxe hotzak. Bada, ea asmatzen dugun elkarren urte berriak pozez estaltzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun