Betiko bezeroei

Erabiltzailearen aurpegia Iratxe Muxika Karrion 2024ko mai. 19a, 11:30

Bezero mota anitz etortzen dira gurera, gurera eta gainerako ostatuetara, segur aski. Horixe da, bertzeak bertze, ostatugiroak lortzen duena: jende (ustez) hagitz desberdinaren arteko harreman estua. Ostatuak, dena dela, harremanak eraikitzeko aukera emateaz gain, gauza anitz irakatsi dizkit niri, nahiz eta zaila zaidan banan-banan haien zerrenda bat egitea. Kontua da guk ez dugula aspertzeko tarterik izaten eta, atetik sartzen diren bezeroek, oro har, beti izaten dutela eskaintzeko zerbait.

Gurera etortzen dira ortziralero galdetzen dutenak ea maionesarik gabeko pintxorik existitzen ote den etxe honetan, karta buruz jakinda ere goitik beheitiraino irakurtzen dutenak, karta behin ere ikasten ez dutenak, sukaldera gurekin egotera etortzen direnak, barrako xoko batean gelditzen direnak, negu gorrienean ere terrazan egoten direnak, afaldu eta gero mahaia garbitu egiten dutenak, barraren kanpoaldetik esku bat luzatu eta azeituna bat hartzen dutenak, zenbat zor duten abisatzen dutenak, postrearen bila etortzen direnak, gurea toki elegantea dela sinesten dutenak, gurea desastre ordenatua (edo ez) dela baieztatu dutenak, seietan puntuan atean egoten direnak noiz irekiko zain, ireki gabe sartzen direnak, zerbitzaririk gabeko barraren aitzinean bortz minutu esperoan egoten direnak badakitelako ondoan kafea hartzen ari den bezeroa noizbait sukaldera sartuko dela guri abisua ematera, beranduegi egin zaielako ogia erostera etortzen direnak, iritzia galdetzera etortzen direnak, pilota partiduak edo bertso saioak ikustera etortzen direnak, etxeko platera zein den galdetu ondotik xolomoa eskatzen dutenak, badakitenak karta jokoak ez dituela berrogei karta baina hala ere jolasteko hautua egiten dutenak, frijituak edo errazioak zeinen onak diren errepikatzen dutenak, ez duzu itxiko ez? galdetzen dutenak ostatu hutsari begira, eskatu dutenaren kontrakoa aterata ere platerekoa isil-isilik jaten dutenak, saltsak aparte eskatzen dituztenak, bisitan etortzen direnak, nagusia non den galdetzen dutenak, afalaitzinean eta afaldu ondotik etortzen direnak, kanpoaldean pasatzen direnen berri ematen dutenak, bart arratsean zer moduz portatu ziren galdetzen dutenak, betikua eskatzen dutenak, Mami Tartaren edo etxeko koparen bezero leialak, gurekin jartzen direnak bazkaltzera, autozerbitzua ote den galdetzen dutenak, barra haien esku uzteko modukoak, etxekoak, eurekin jartzeko tarterik dugun galdetzen dutenak eta musika eskatzen dutenak barra hutsik dagoenean, ze, aditu letra ze ona den. Ederrak zarete eta ederra egiten duzue gure lana. Bihotz-bihotzez matte zattuztet.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun