Adinaren inguruko aldizkari bat egin behar izan dut klaserako, akaso hortik hasi ninteke tiraka. Adinarena kontzeptu irekiegia egiten zitzaidan arrakalarik gabeko aldizkari bat idazteko, eta, beraz, elkarrizketak egiten hastea erabaki nuen. Zeren bila nenbilen ez nekienez, elkarrizketatuak argibide bat eman ziezadan bilatzen nuen, behintzat. Gauzak horrela, nerabeekin, gazteekin, irakasleekin, gurasoekin eta zaharrekin batu nintzen banan-banan eta bakoitzak elkarrizketa propioa eraiki zuen arren, bazegoen gai bat guzti-guztiek ukitu zutena.
Hasieran ez nintzen guztiz jabetu gai horrexek zeukan garrantziaz, baina mugikorreko grabagailukoak paperera pasatzeko orduan, eta, beraz, hitz bera behin eta berriz idazteko orduan ikusi nuen jada erabakia zegoela aldizkariaren fokua zein izanen zen. Damua.
Nerabea damu zen lagunekin haserretua zelako bart. Gaztea errukitzen zen ez zelako zenbait gauza aurpegira errateko gai izan. Irakaslea, ordea, arduratzen zuen lanera sartu aitzinetik etxean edukitako eztabaidak, bikotekidearekin eta seme-alabekin. «Ez niekeen oihu egin behar».
Gurasoa damu zen amari errandakoez, eta, zaharra, erran ezin izandakoez.
Elkarrizketa amaieran, baina, galdetu nien ea zerbait aldatuko luketen euren bizitzetan. Erantzuna ezezko erabatekoa izan zen guztientzat. Galdetzea ere. Gauzak aldatuz gero, ez liratekeela hemen izanen.
Ez nuen ulertzen. Edo ulertu baino gehiago, ez nintzen ongi sentitzen.
Nire damuetan pentsatzen hasi nintzen hurrena, eta ohartu nintzen nik ere baditudala, eta ez bat eta ez bi. Halabeharrez, damuak izatea erabat ulergarria zela azaldu nion nire buruari, baina tristura handia eragiten zidan pentsatzeak egunero-egunero damutzen garela egindakoez. Edo ez egindakoez. Edo uste izandakoez. Edo…
Irakaslea ez zen sobera harritu, are gehiago, ongi ere iruditu zitzaiola uste dut. Damuarekin ikasi egiten omen dela, galdu baino gehiago. Berdin-berdin –edo okerrago–- atera nintzen klasetik.
Ez nion damuari irtenbiderik bilatu, egonen denik ere ez dut uste, baina ez nuke pentsatu nahi etengabe ari naizela atzokoez damutzen. Ongi nago nagoen tokian eta ez dut uste damua hagitz lagungarri zaidanik, ezta zuri ere. Akaso irakatsi izanen dit zerbait, edo anitz, baina nahiago dut sinistu bertze ikasteko modu bat bilatzen dudala nik.
Dena den, ez dakit geure buruek utziko ote liguketen damurik gabe bizitzen.
Ez dakit, akaso ez nukeen hori hori guztia erran behar.