Ez dakit niretzat liburuek noiz utzi zieten institutuko eginbehar bat gehiago izateari, duela hagitz guti arte horixe ziren-eta niretzat: derrigor leitu beharreko orriak, bertzerik ez.
Gerora pentsatu nuen akaso nik ere hasi beharko nukeela leitzen, erakargarri egiten ez zitzaidan arren ni baino zaharragoek hori egiten zutelako edo. Oroitzen dut amonak oparitutako Karmele Jaioren liburua hartu nuela eta deus egitekorik ez nuen arratsalde batean sofan jarri eta huraxe leitzen hasi nintzela. Liburuak zer erraten zuen ez dut oroitzen, baina, antza denez, zerbait izanen zuen niri anitz gustatu zitzaidana.
Liburu haren gibeletik etorri ziren Elkarrera bisitak eta lagunen gomendioak, kritikak eta gehiago sakondu nahia. Liburuek lasaitasuna ematen didate, eta pentsatzen hasia naiz lasaitasun horrexen bila joaten naizela liburu bat leitzen hasten naizenean.
Nobela zalea naiz ni, behar duena istorioak hastea eta bukatzea, amaierak interpretaziorako biderik ireki gabe. Gustatzen zait istorioak irrealak diren arren nire buruan hagitz errealak izatea, nahiz eta ongi jakin ez ditudala bizituko. Era berean, maite ditut istorio gogorrak, triste nagoenetan are tristeago jartzen nautelako, kantuekin gertatzen den eran. Liburu azalei garrantzia handia ematen diet, begietatik sartu behar delako lehendabizi liburu bat, eta anitzetan huraxe izaten delako nire erosketa baldintzatzen duen faktore eragile nagusia.
Katalunian Sant Jordi Egunean arrosak eta liburuak oparitzen omen dituzte, ederra behar du. Gurean ez dago horretarako egunik, ez nik dakidanik, behinik behin, baina eginen balitz, ziur naiz jakinen nukeela inguruko lagun bakoitzari zein liburu oparituko niokeen. Horixe duelako liburuak, ezaugarri propio anitz eta norbanako batengan edo bertzearengan eragiteko gaitasuna. Batzuetan pentsatzen dut nik ere idatzi nahiko nukeela nobela bat, baina gero oroitzen dut zer kontaturik ez dudala eta hobe dudala leitu idatzi baino.
Beraz, libururik idatziko ez dudanez hasi nahiko nuke, behintzat, opariak egiten. Liburuak banatuko dizkiet ingurukoei edo leitzen ari nintzela burura etorri zaizkidan haiei, berdin dio.