Hasierak

Erabiltzailearen aurpegia Iratxe Muxika Karrion 2022ko urr. 16a, 11:00

Orokorrean, zerbait bukatu behar dela onartzea bezain astuna egiten zait zerbait hasi behar dela ikustea. Ateak ireki eta itxi. Bideak hasi eta bukatu. Betikoa.

Uda bukatu baino aste batzuk lehenago hasi nintzen udazkenean pentsatzen, bertigoz edo antzeko sentimendu batez. Udazkena hasteak erran nahi zuen klaseak hastea, Bilbora bueltatzea eta haize freskoa sumatzea orkatiletatik sartzen.

Egun batetik bertzera, neure burua errealitatera ekarri nahian edo, sandaliak gorde eta zamarra goxo-goxo bat erosi nuen. Ez zen hainbertzerako, baina horrelaxe agertu nintzen Bilboko etxe beheitiko betiko ostatura, eta: «Hara, bueltan zarie!», aditu nuen barra barrenetik.

Orduantxe hasi zen udazkena, niretzat.

Kurtso hasierak errutinara ekarri nau bueltan, baina uste dut aurtengo irailak hasiera bat baino gehiago dakartzala, eta tentuz errepara beharko geniokeela etapa honi.

Txapelketa. Bertsolari Txapelketa Nagusia. Hamaika aldiz txapelketa sistema kritikatu izanagatik ere, lau urtetik behin gurean den fenomeno hau gozatzeko aukerarik ezin da galdu. Porra egin, aditu, ikusi, porra aldatu. Hasiera polita da, irailetik abendura arte irauten duen arren urte osoan horren inguruan solastatzeko adina mami ematen duelako, gainera.

Euria eta haize freskoa. Hemendik gutira eguraldiaren kontra ariko naizen arren, gaur-gaurkoz hagitz kontentu nago euri tantek ilea heze utzi didatelako, eta portaletik atera bezain laster kremailera goitiraino itxi behar izan dudalako.

Liburu berria hasi dut. Gustatzen zait liburuak hastea, batez ere eleberriari nire bizitzaren tankera hartzen diodanean, edo protagonistak nik eginen nukeen zerbait egiten duenean. Ez zait anitzetan pasatzen, baina lo hartu aitzinetik kapitulu bat eta bi irakurri nahi izatea aski hasiera polita iruditzen zait liburu batentzat, eta zer erranik ez etapa batentzat.

Horretaz gain, kantu bat dut etengabe buruan, jira eta bira, isildu gabe. Badakit kantu batekin nazkatzeko arrisku handia dagoela hura gehiegi adituta, baina abesti batekin engantxatzeak erran nahi du doinu hori automatikoki bizitzako pasarte honen sintonia bilakatuko dela, eta momentu honekin oroituko naizela aspaldiko partez kantu hori adituko dudanetan. Hasiera bakoitzak bere sintonia behar du, zalantzarik gabe.

Etxe beheitiko ostatuko zerbitzariari azaldu nion baietz, bueltan ginela berriz ere, eta pozten zela erran zidan, kafesnea prestatzen zidan bitartean. Uste dut hein haundi batean ni ere poztu egin naizela bueltatzeaz, eta hasierak berak nahiko poztasun eman didala.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun