Aurrez aurre zer topa nezakeen mila bider pentsatu eta gero, nire burutik pasatu ere egin ez zen egoera erabat ohiko bat topatu nuen. «Aurkeztu bada, zeuon burua» erran zuen Garbik, irakasleak.
Nor ginen eta nondik gentozen harro erran ondotik, galdera «xinple» bati erantzun geniezaion eskatu zigun: «Zertara etorri zarete hona?». Nire ondokoak titulua behar zuela adierazi zion, eta Garbik halaxe erantzun zion : «Tituluaren bila baldin bazatoz, etxerako bidea har dezakezu berriz».
Nire txanda zetorren, eta oraindik ez nuen Garbik niri halakorik erran ez ziezadan erantzun egokirik bilatu. Urduri bota nuen, «euskara maila hobetzera etorri naiz» zuzen bat. «Zu ere atetik atera zaitezke» izan zen bueltan aditu nuena, hitzez hitz.
Zer zen Garbik aditu nahi zuena? Horrezkero haserretzen hasia nintzen, zirudienez Garbi bera ere bai, ez genuen eta elkar ulertzen. Orduantxe hasi zen neure burua hausnartzen eta pentsatzen. Zer da euskaltegi bat euskara maila hobetzeko aukera bat ez baldin bada?
«Euskara maitatzen ikastera etorri behar duzue egoitza honetara, ez bertze ezertara».
Nik (nahiko mindurik) garbi utzi nahi izan nuen nik euskara maite dudala, eta anitz maitatu, gainera. Alabaina, ingurura begiratu eta berehala ikusi nuen akaso ikasleok ez geundela berton euskara maite dugulako, halabeharrak horra bidali gaituelako baizik.
Irakaslea erabateko miresmenez solastatzen zen gure ama hizkuntzaren inguruan, benetan eta modu sano batean maitatzen baitu gure arbasoa, gure historia eta gure hizkuntza. Euskara ez delako komunikatzeko tresna bat, baizik eta sentitzeko eta bizitzeko era bat. Zoritxarrez baina, uste dut Garbiren errealitatea utopia bat ere badela hein haundi batean, eta ikasgelako mahaitxoetan eserita dagoen guztiak ez duela guk nahiko genukeen bezala bizi egoera hau.
Duela hogei urtetik egunera, diotenez euskaldunon egoerak aldaketa anitz jasan ditu, eta horietako batzuk euskaltegietan ere azaleratu dira. Tituluaren eskaerek gora egin duten heinean, beharrez eta etsipenez betetako ikasle gehiago daude, eta horrek deus guti du maitasunetik. Geroz eta euskal maitale gutxiago atzematen du Garbik, ez ahal da mingarria hori? Noiz arte jarraituko dugu horrela?
Ezjakintasun eta segurtasun osoz erran nahi nizueke aitzinera egiteko 'txip' aldaketa bat beharrezkoa zaigula, eta hau bai halabeharrez, euskararen zaintza lehen lerrora eraman behar dugula. Apuntatu dezagun bada gure koaderno ikusgarrienetan, euskaltegiak, euskara maitatzeko txokoak direla. Oxala denek maiteko bagenu euskara Garbik egiten duen bezainbertze. Bitartean, ea euskaltegi bat sortzen dudan inguruko txoko bakoitzean.