Gaurko artikulu honetan bestondoari erreparatu nahiko nioke, izan ere, besta egin ondotik gehienetan bestondoaren ondorio fisiologikoei erreparatzen baitiogu; zein gogorrak izaten diren igandeak edo astelehenak, edota a ze buruko mina uzten duen alkoholak. Baina bestondoaren ondorio fisiologikoez gain, bestondoak uzten duen ondorio emozionala ere mahai gainean paratu nahiko nuke gaurkoan. Emozioen goiti-beheiti horiek anitzetan bi eguneko bestondoa baino gehiago ere irauten dute, eta bestondo hori ez du ez kamamilak ezta ibuprofeno batek ere sendatzen. Erranen nuke denok izan dugula noizbait aje emozionala eta horiek elkarbanatzea behar baino gehiago kostatzen zaigula (Emozioez mintzatzeko beldurra). Honekin hurbileko harremanek bestondoetan hartzen duten paperaren balioa azpimarratu nahi nuke, eta elkar zaintzak duen garrantzia.