Kapitalismoaren pandemia

Bi aste pasatu dira maiatzaren lehenetik, Baztan-Bidasoko herritarrok Elizondoko karrikak hartu genituenetik. 

Karrikak hartu genituen, badirelako inolako lan kontraturik gabe lanean ari diren langileak, badirelako kontratu prekario edota praktiketako kontratu lotsagarriak dituzten langileak, badirelako praktiketan kobratu gabe aritzen diren eta ordu gehigarriak egiten dituzten langileak. 

Badira egungo krisi anizkoitzaren ondorioz kaleratuak izan diren langileak, baita langabezian dauden jende andana ere, eta badira egungo egoera baliatuz beraien sakelak diruz betetzen ari direnak ere. Badira, eta baditugu. Bai, eskualdean ere baditugu batzuen miseriaz errentak handiagotuz doazenak.

Gazteok ez dugula lanik egin nahi eta egungo gazteak alfer hutsak garela aditu beharko dugu behin eta berriz, baina noiz hartuko dugu egoeraz hausnartzeko tartea? Noiz ohartuko gara arazoa estrukturala dela? Kolektibizatu ditzagun arazo indibidualtzat hartzen ditugun arazo kolektiboak. Egunero da maiatzaren lehena!  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun