Non pare bat eoliko?

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Laurnaga Peña

Ingurumen ikuspegitik Nafarroan eolikoak paratzeko toki hoberenen mapak begira ari nintzela, hortxe sorpresa: toki on bat Beartzun izaten ahal da, nire sortetxetik hurbil. Eta ni onartzeko prest. Zergatik? Erantzuna sinplea da: pasa berri dugun uda.

Latza. Erositako belar kamioiak larrainean. Hortentsiak erreta Txokotoko itzaletan. Ur iturri berrien bila baserritarrak. Gaztaina guziak janak, behorren gosez, belarrik ez baitzen, ezta Erdizen. Behi bakar batek 60-100 litro edaten baditu egunean, behitegiek ze etorkizun dute Baztanen?

Ez dakit jabetzen garen gertatzen ari denaz: gure basoak hiltzen hasi dira. Baztan mediterraneo bihurtzen hasi da, pixkanaka. Zer da Beartzun oihan eta berderik gabe? Valentziako bailara bat.

Gure energia kutsagarria energia garbiarekin ordezkatzeko Baztanen eoliko andana bat beharko genituzke. Bizpahiru bakarrik elektrizitatearen kontsumoa asetzeko (eta hori energia guziaren zatitto bat bakarrik da). Orduan, galdera: non? Gorramendin? Malerrekan?

Galdera hauxe Barakaldon egiten bada zenbaitek erantzuten dute: «aizu, gure mendian ez, aski zementu eta industria dugu guk, eta, orain, eolikoa ere gelditzen zaigun berdegunean?». Galdera herri berde batean egiten bada, erantzuten dute: «aizu, gure mendian ez, gure ingurua bereziki berdea da eta zaindu behar da».

Baina, nire iritziz, gaizki planteatu dugu: berriztagarriak ez dira sakrifizio bat, aukera eder eta justua dira. Klima hoztu, aire kutsadura ttipitu, efizienteagoak dira eta tokikoak. Eta gainera, gure udalerrian onurak uzten ahal dituzte. Berriki Barasoaingo alkateak erran du berriztagarriek gazteak herrian gelditzen lagundu dutela, oinarrizko zerbitzu batzuk finantzatzea posible egin baitu. Joakin Iriarte egoitza edo gure zerbitzuak mantentzeko ere diru iturriren bat beharko dugu. Parke aunitzek urtean 400.000 eurotik goiti uzten dituzte udalerrian.

Bistan da Baztanen ez dugula inoiz edozer onartu eta edozer onartuko. Baina, afera honetan kontrakoa da: berriztagarriak munduarendako ezin onuragarriago dira, eta horiek hartuko dituzten komunitateak dira falta direnak.

Horregatik, ni prest eta alde. Nahiago dut etxeko balkoitik eoliko pare bat ikustea, etxe ondoko nire haurtzaroko basoak desagertzen ikustea baino. Haien bueltak ikustean, jakinen nuke Beartzungo xokoak, zapaburuen aska eta pagadien itzal hezea altxatzeko egiten ahal nuen onena zela. Ez dakit toki hobeak badiren. Badakidana da Baztanen ere berandu gabiltzala galdera honekin: non paratuko ditugu pare bat eoliko?

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun