Stop fosilak

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Laurnaga Peña 2026ko otsailaren 15a

Berriki, Stop Fosilak izeneko ingurumen elkartea sortu dugu zenbait lagunok. Stop Fosilak izena du, baina, kasu, ez dugu deus geologoen edo arkeologoen aurka. Mattin Aiestaranek lasai egiten ahal du lo. Ez gara fosil horietaz ari, ez molusku zaharrez, ez stegosaurusaren hezurrez, erregai fosilez baizik: gasa, petrolioa eta ikatza.

Hala ere, badu lotura: hidrokarburoak iraganean lur azpian metatzen joan diren izaki bizidunen arrastoak dira. Guk, orain, hidrokarburo horiek guztiak zurrupatu, gure zentral termiko, auto edo gas galdaretan erre eta hondakinak (CO2 ) atmosferara botatzen ditugu izugarrizko abiaduran. Euskal Herrian 50.000 petrolio upel baina gehiago kontsumitzen ditugu. Egunero. Stegosaurusak eta moluskuak orain atmosferan daude. Eta gure biriketan.

Paradoxa ederra: Paleozoikoan eratutako baso erraldoi horien hosto eta egurra lurrazpian gelditu zen eta horien errekuntza orain gure oihanak hiltzen ari da klima aldaketaren bitartez. Iragana mugitu eta mamu bat iratzarri dugula ematen du. Lurrazpiko infernuko ateak ireki ditugu. Orain, etorkizunera begiratuz gero, sugarrak islatzen dira begietan.

Klima borrokaren alde egiten ari diren munduko mugimenduek, Amazoniatik Euskal Herrira, Indonesiatik Kongora, lelo bat errepikatzen dute aldiro: keep it in the ground edo mantendu lur azpian. Belaunaldi pare batean, 400 edo 300 milioi urtez metatutako hidrokarburo guztien erdia xahutu dugu. Bertze erdia xahutuz gero... Dagoeneko erreketako emariak gero eta ttipiagoak dira udan, denok ikusten dugu. Eta aldi berean, bat-bateko uholdeak garai euritsuetan. Klima aldaketa planeta eskalako bonba atomiko bat da. Fosilak erretzeari utzi behar diogu. Orain.

Baina interes handiak daude ez gertatzeko. Mundu osoan, gaur egungo ekonomia bezain bertze «aberastasun» baitago lurrazpian altxatua. Denok ikusi genuen Imaz eta Trumpen argazki lotsagarria, putreak bailiran. Euskal Herrian ere azken bortz urteetan 50 gasolindegi baina gehiago eraiki dira. Ikusi duzue protestarik?

Zorionez, etsipen urteak gibelean gelditzen ari dira. Mundu osoan ingurumena zaintzeko konponbide ederrak garatzen ari da jende aunitz: nekazaritza birsortzailea, bizikleta, karrikak berdatzea… Eta horien artean onenetarikoak dira teknologia elektriko berriak, berriztagarriak barne. Pentsa: petrolioa aldiro erre beharrean, plaka bat paratu eta 30 urtez eguzki izpietatik bizitzea. Eguzki izpi horiekin autobus bat mugitu. Mundu aise ederrago baten aukera dugu. Eskatzen zaigun bakarra da eredu hori azkartzea. Gure erabakia da zeren alde egin: Trumpen petrolioa edo elektrizitate garbia.

Eguzkiaren garaia da. Bertzenaz, etorkizuneko geologoek moluskuak beharrean smartphoneak eta gure aurpegiak aurkituko dituzte fosiletan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun