Gaurkoan bertze fenomeno bat irudikatu nahiko nuke: zer nolako tarrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrata!
Moto horiek ateratzen duten asotsa! Ez dut entenditzen nola ateratzen ahal duten halako asotsa hain mantso doazen ibilgailu horiek. Ihes hodia mozten diote? Xorroxin Irratian izena ere paratu diogu fenomenoari: motarrata. Motarrata hitza bil dezala etorkizuneko Marianok. Motarrata da konbustiozko motor batek ateratzen duen asots alimaleko eta jasangaitza, osasun publikoaren amesgaizto. Motarratak Elizondoko karrikak hartu ditu berriki eta nire begi zuloetan antzeman daiteke fenomenoaren eragina. Motarratak herriak dardaran uzten ditu bere astindu surrealistarekin. Moto horiek 20:00etan udako karrikak zeharkatzean, tinpanoak arrailtzen dira eta hozkailuko arroltzeak lehertzen dira; ilea liso duenari kizkurtzen zaio; haur-orgattoan doan haurrari mundu honetan handitzeko gogoak kentzen zaizkio; satorrek belarriak tapatzen dituzte eta herriko arbolei hostoak zimeltzen zaizkie.
Har dezatela bizikleta elektriko bat! Merkeago, berdin bustiko dira, ez dute gasolinan gastatu beharrik eta abiadura berdinean edo lasterrago mugituko dira. Baina, iduriz, afera ez da logikoa izatea, baizik eta lehoiaren orroa bezala, ahalik eta ozenena izatea, horrek ematen baitio bati balioa nerabezaroko oihanean. Hortxe da kultura fosila!
Eta gasoliozko autoak batere maite ez dituen honi, har maltzur bat, desira zentzugabe bat sartu zaio barrenean motarratak iratzarritako gaueko orduetan: nerabe horiek 18 urte agudo bete ditzatela auto isil bat eros dezaten, faborez. Edo bertzenaz, bertzelako kultura bat beharko dugu sortu, nerabearendako ere guayago izan dadin bizikleta bat kroseko moto bat baino.