Konspirazio teorien zerrenda amaigabea da. Geopolitika gustatzen zaizu? Dorre bikiak! Osasunak kezkatzen zaitu? HIESaren negazionismoa! Klasiko zalea? Holokaustoa ez zen existitu! Emozio fuerteak maite dituzu? Lurra laua da! Fuck you Eratostenes! EZ DUT DEUS SINESTEN ETA BERAZ NAHI DUDANA SINESTEN DUT!
Ikerketen paper pila erraldoia mahaigaineratzeak gutirako balio du. Konspiranoikoa ez da zientziaz fio: «Nork finantzatzen du? Nor dago zientziaren atzean?» dio youtuber enpiristak. Baina, interesgarria litzateke kontrakoa galdetzea ere: «Nor dago negazionismoen gibelean?».
XX. mendean zehar Philip Morris tabakoaren multinazionalak erretzearen eta minbiziaren arteko harremana zalantzan jartzen zituen hainbat txosten faltsu plazaratu zituen minbizi horren «negazionismoa» zabalduz (zientziak errefusatu zuen). Mende horren azken hamarkadetan ere petrolio multinazional handiek aldaketa klimatikoa zalantzan jartzen zuten ikerketa faltsuak argitaratu zituzten negazionismo klimatikoa zabalduz (zientziak errefusatu zuen). Orain, gugandik hurbilago, ze alderdi agertu ziren COVID19aren aurka, txinatarren asmakuntza bat zela erranez? Trump, Bolsonaro, Meloni, Vox. Nork erraten dute aldaketa klimatikoa ez dela existitzen? Nor dago sare sozialetan milaka bulo zabaltzen? Ultraeskuina. Nor da QAnon konspirazio talde estatubatuarraren lider eta «salbatzaile»? Donald Trump heroi pobrea! Nork jaitsi du sistematikoki zientziaren aurrekontua? Eskuineko gobernuek.
Kontuz, beraz, hemen, ultraeskuina dago zientziaren sinesgarritasuna pikutara bidaltzeko desiotan, egia ez baita errentagarria: bai, munduan tratu txarrak jasotzen dituztenen % 71 emakumeak dira; bai, COVIDa deforestazioak (eta beraz, agroindustria kapitalistak) bultzaturiko zoonositik datorrela diote ikerketek. Negazionismoari ateak irekitzean eskuineko populismoari ere bide egiten zaio. Zientzia konplot ustel bat bada, zergatik sinetsi genero indarkeriaren datuak? Espainian bortz mutil gaztetatik batek uste du genero indarkeria «asmakeria ideologiko» bat dela. Zergatik sinetsi aldaketa klimatikoan? Estatubatuarren % 40k ez du egiten.
Urak nahasi, ur zikinetan gustura baitabil kapitala eta faxismoa («hil dadila inteligentzia» oihukatu zion Unamunori batek). Ur nahasi horietan diskurtso sentsazionalistak (migranteak, feminaziak, klima eta marikonadak…) bihurtzen dira garaile, eta datuak, harri pisutsuak bezala, errekaren hondora erortzen dira. Zientziaren irizpidea galtzen dugunean, orduan bai, orduan botere ekonomikoa bihurtzen baita jaun eta jabe.