Abartan fotovoltaikoa

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Laurnaga Peña 2023ko api. 2a, 10:00

Bertzerik gabe... Nik proposatzen dut Abartan osoa parke fotovoltaiko bat bilakatzea.

Zein da bertzela plana? Ez dakit, baina aldaketa klimatikoaren aferarekin ere zerbait egin beharko dugu. Edo zer? Erregai fosilak utzi behar dira… Ados, orduan, plana: energia berriztagarriekin trantsizio energetikoa egitea eta ekonomia deskarbonizatzea eta digitalizatzea! Tatxaaaan! Planazoa: badugu haizearen edo eguzkiaren energia mugagabea, katxarro teknologiko batzuk paratzen ditugu horiek hartzeko eta listo, energia berdea gure auto elektrikoentzat! Iupi!

Zaude-zaude… Baina non paratuko ditugu panelak eta aerosorgailuak? A beno, nire etxe ondoan ez… Azken urtean oihartzun handia hartu du berriztagarrien makroproiektuen kontrako borrokak. Beren leloa: berriztagarriak bai, baina horrela ez. Proposatzen dutena: neurri handiko berriztagarriek (parke fotovoltaiko eta eolikoek) ingurumenean, paisaian eta laborantza lurretan inpaktuak dituztenez, eta gainera kapital handiaren esku daudenez, deszentralizatu behar dira eta eredu komunitario bat bultzatu, eta panelak eta turbinak eremu artifizializatuetan bakarrik paratu: teilatuetan, utzitako harrobietan, Nafarroako kanalaren estalpe gisa... Ba, listo, ez? Txantxatxan! Badugu konponbidea!

Zaude-zaude. Baina zenbat energia ematen du eredu horrek? Ba, beno… nahiko guti egia erran. Egungo kontsumoaren % 15 altaxu. Iruñeko metro koadro bakoitza panel FV bihurtuko bagenu, teilatuak eta errepide guztiak estaliz, lorontzi eta zuhaitz eta auto bakoitzaren partez panel fotovoltaikoak paratuz (Iruñea panel FVko erraldoi bilakatuz, finean)… Iruñeko kontsumoan herenea edo erdia lortuko genuke. Baina, noski, hori, gainera, ezinezkoa da! Energiaren % 15, beraz… Zer erran nahi du horrek? Ideia bat egiteko, munduko egungo energiaren % 10 badakizu noiz kontsumitzen zen? 1920an. Urte horietara itzultzea bezalatsu izanen zen. Beno, hori ere ez, garai hartan populazioa hiru aldiz ttipiagoa baitzen!

Hiru aukera ditugu nire ustez:

  1. Egungo hiperkontsumo fosilarekin segitu.
  2. Gure hiperkontsumoa energia berriztagarriekin ordezkatzen saiatu.
  3. Berriztagarriekin zerbait ordezkatzea eta gure kontsumoa aunitz jaistea.

Lehendabiziko aukerak mundua suzko bola bat bihurtuko du. Bigarrena nahi badugu, Baztango lurrak energia harrapatzeko mega-parke bihurtu beharko dira. Bakoitzak gure txaleta eta egunero kotxean lanera joan nahi dugula? Orduan Abartan fotovoltaikoz estali. Nahi adina arropa nahi dugula eta pizzak ortziralero izateko eskubidea? Orduan Saioako lepoa turbinaz bete. Aske izan nahi dugula neoliberalismoaren zentzu merkantilistan? Orduan prestatu lurrak industrializatzeko. Zeren mugitzen den eta egiten den orok behar du energia.

Zein da idatzi honen mezua? Bi:

  1. Gurean ere berriztagarriak jartzea pentsatzen hasi beharko dugu.
  2. Ez baduzu nahi Abartan fotovoltaiko bat, utzi kotxea!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun