Ikaragarri gustatu zitzaidan bere garaian, ez hainbeste bigarren planoan kontatzen den maitasun istorioa —maitasun erromantikoaren idealizazioa, beste behin—, baina bai pelikulan pisu handiena hartzen duen zatiak: Siziliako herri txiki batek 50eko hamarkadan bertako zinema aretoarekin zuen harreman estu eta berezia. Igandero, herri osoa, haur nahiz zahar, lagun nahiz etsai, ‘paradisu’ izendatutako areto zaharrean elkartzen ziren barre batera egitera eta elkarren ondoan emozionatzera.
Ezin dut ekidin Leitzako Herri Aretoan pelikula edo antzerki bat ikustera noan aldiero Cinema Paradisoz gogoratzea. Hor ere, pelikulan bezala, aretoa herritarrez lepo, aldi berean negarrari eusteko ahaleginean edo barre algaraka. Ikus-entzunezkoen plataformen aroan, kasik iraultzailea ere izan daiteke norbere logelako indibidualtasunetik atera eta areto berean elkartzea. Joxe Ripiau taldeak abesten zuen bezala: «Paradisu zineman ikusiko gara…».