Eraikuntza enpresak, herria egiten

Doneztebetik pasatu ginen aurrekoan, eta karpa erraldoiak ikusi genituen garai batean Bordatxo dantzalekua zegoen tokian. Zer ote?

Lagun baten bidez jakin genuen, eskualdeko eraikuntza enpresa handienak urteurren festa antolatu zuela, herritarrei egitarau tentagarri eta ponposoa eskainiz. «Zementuak eta hondamenera garamatzaten obrek finantzatutako besta» jar zezakeen sarrerako atean, edo, «Gozatu iberikoez eta pateaz, eman eskerrak Abiadura Handiko Trenari».

Ezin ukatu jokaldi perfektua denik. Bat: herritarron zergekin proiektu txikitzaile eta xahutzaileak finantzatzen ditu gobernuak. Bi: honek, urtero ehunka milaka euroko irabaziak dituen enpresari dirutza ordaintzen dio lanengatik. Hiru: enpresak, bere irabazien zati txikitxiki-nano batekin herritarrentzako puntako festibala antolatzen du, kutsu herrikoi, keinu solidario eta guzi.

Denok pozik, ezta? Bada, beti gaizki pentsatzen dugun erretxinak izanen gara agian, baina segituan bururatu zitzaigun: ez al da botere erakustaldi eta aurpegi zuriketa nabarmena? Tira, baina egia da, betekada baten ondoren pentsatzeko gaitasuna guk ere galtzen dugula…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun