Baina, eslogan guaiak alde batera utzita… familiaz gaindiko zaintza sare eta harremanei batere baliorik ematen al zaie gure jendartean? Familia nuklearra aspaldian dugu jomugan, baina leherrarazi nahi dugun instituzio horri benetako alternatibak planteatzeko ere zailtasunak ditugu sarritan. Ados, AitaAmaSemeAlabakTxakurraAutoFamiliarra formula zurrunetik kanpoko ereduak geroz eta ugariagoak –eta onartuagoak– dira: guraso bakarreko familiak, sexu bereko gurasoez osatutakoak… ongi.
Non dago arazoa, beraz? Bada, familiaren formula ukiezin horren bueltan mugitzen jarraitzen dugula ia beti, eta bestelako harreman sareek –lagunak, bizitza-proiektua edo militantzia konpartitzen duten kideak…– ez dutela apenas lekurik. Marx eta Engelsek Manifestu Komunistan familiaren abolizioa aipatu zutenean erradikalenek ere eskuak burura eraman omen zituzten. Bada, hemen jarraitzen dugu, ia bi mende geroago… ze gutxi aldatzen diren zenbait gauza, kamarada!