Ez dakigu egoten

Duela urte batzuk atera nituen kalkuluak. Egunaren heren bat lo pasatzen dut, bestea lanean, eta azkenaren parte handi bat (erdia, demagun) lanerako prestatzen.

Publizitateko mezuek behin eta berriz errepikatzen didate, ordea: carpe diem, bizi zure bizitza maximora eta ez galdu denborarik! Nola, maximora? Nahita ere % 16,666 soilik gelditzen zait nik nahi bezala bizitzeko eta! Hau miseria… Esanen dit norbaitek klase ertaineko kezkak direla horiek, lana edukitzeaz pozik egon naitekeela… eta bai, horrela izanen da segur aski. Baina ez dut ulertzen lana beste gauza guztien gainetik jartzen duen jendarte hau (eta Euskal Herrian ongi dakigu horretaz).

Ei, ei, eta asteburuak zer? Bada, irudipena dut azken aldian asteburuak ere laneko ikuspegi ‘produktibistatik’ planteatzeko joera hartzen ari garela. Zenbat eta gauza gehiago egin, hobe. Egin, egin, egin… aizue, eta egotea, egoteagatik gaizki sentitu gabe, noizko? Pelaxek dio abesti batean: «ez dakizu egoten». Gure belaunaldiaren isla izan daitekeela bururatu zait. Ez dakigu egoten. Agian normala ere bada, bizitzaren % 16,666 bizitzeko aukera soilik izanda…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun