Monopoly partidatxo bat?

Etxea erosten ari den geroz eta jende gehiago dut inguruan. Arrazoi ohikoena zera izaten da: «Alokairua baino merkeago ateratzen zait azkenean hipoteka ordaintzea eta…».

Eta egia da, gure herrietako alokairuen egoera ikusi besterik ez dago: egoera kaxkarrean dauden pisu zaharrak prezio oso altuan. ‘Leitzaundi, Iruñen pare, Madrilek e nahi luke’. Etxeen prezioari dagokionez, zoritxarrez, ez gabiltza oso urruti. Bitartean, apenas erabiltzen ez diren bigarren etxebizitza, pisu huts, eta erortzen ari diren baserri asko dago, baina landa eremuari puska jaten dioten etxebizitzak eraikitzen segitzen dugu. Galdera da: gehiago eraiki baino, ez al litzateke hobe badugun hori  berritu, egokitu eta garantiadun alokairua bultzatzea? Familia eredua aspaldian ari da aldatzen, bada, etxebizitzari begira ere formula berriak behar ditugu: eredu komunitario(ago)ak, bakarrik bizi direnei egokituak… dena dago egiteke. Herritarrok ere badugu horretan zer egin; salmentaren eta alokairuaren zurrunbiloan bete-betean sartu beharrean, herriaren osasunari gehixeago begiratuz, adibidez. Monopoly-ak beti engantxatu izan gaitu, baina agian bada desengantxatzeko garaia, ezta?

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun