«Kirolik egiten al duzu? Kilo batzuk galtzea pentsatu beharko zenuke…». Gogoan dut medikuaren begirada salatzailea kontsultara beste zerbaitetara joan baina egoera hura nire pisuaren gainean balorazioa egiteko aproposa zela erabaki zuenean. Eskertu behar nuke agian nire osasunaz kezkatuta azaldu zen profesionalaren gomendioa, baina, egia esan, ez dut pisuaren arabera osasun maila neurtzeko ekuazio ustez unibertsal horretan sinesten. Norbaiti entzun nion duela gutxi osasuna sobrebaloratua dagoela. Arrazoirik ez zaio falta, larunbat gauetan tabernak hutsik eta igande goizetan gimnasioak beteta ikustea besterik ez dago. Ez dut, ordea, zoriontsuago ikusten jendea kirolariagoa denetik. Eta ez dakit nik osasuna ez ote den derrigortutako edertasunaren disfraz bihurtu azken aldian. ‘Osasuntsuarekiko’ eta kirolarekiko debozio garaiotan, non topatu gure tokia gorputz ustez ez hain sanook? Def Con Dos-en leloak argituko digu bidea: «Mens sana in corpore tullido».