Zerk eramaten gaitu publiko gisa ekitaldi horietara? Gizarte indibidualista honetan aisialdi mota honen beharra ote dugu? Soziologoek diotenez, denen gainetik, elkarren arteko konexioa, talde bateko partaide sentitzea eta emozioak konpartitzea bilatzen omen ditugu gizakiok. Momentu horietan talde bat gara, gure ondokoarekin balioak konpartitzen ditugu (euskara, ekipo batenganako maitasuna, lider jakin batenganako miresmena...). Aunitzetan, konturatu gabe, erritual berberak egiten ditugu, nahiz eta elkar ez ezagutu (kantak kantatzea, olatua egiterakoan denok bat egitea, mugikorrarekin argia egitea...) eta horrela sinkronia bat ematen da, emozioak partekatzen dira eta gustura sentitzen gara. Bakoitzaren pasioak bertze milaka pertsonek sentitzen dituztela ohartzea eta elkarrekin oihukatu, dantzatu, kantatu edo negar egin dezakegula ikusteak gure oroimenean betiko gordeko dugun esperientzia bizitzeko aukera emanen digu. Horretaz guziaz gain, harrotasunez erran dezakegu «Ni hor egon nintzen eta nire sareetara argazki edo bideo polit bat ere igo dezaket».
Elkartze erraldoi horietan parte hartzea ez da beti positiboa. Ekitaldiaren edukian edo lidergo daraman pertsonarengan edozein balio eta jarrera ez dira onargarriak, balio ez demokratikoak adibidez (arrazakeria, bazterkeria...), erlijio sekten eragina edo zenbait alderdi politikoren jarduera.
Bertzalde, ukaezina da batzuen ekonomiarentzat honelako bestak onuragarriak direla: ostatuentzat, hotel eta jatetxeentzat, garraio enpresentzat, eta oro har, turismoarentzat, negozio ederra dira. Bertako auzotarrei tokatuko zaie trafiko arazoak bizitzea, garraio publikoaren kolapsoa, zaborra eta gehiegizko zarata kudeatzea eta gaueko lo ezin egina jasatea.
Jarduera horietara joan aitzinetik jarrera kritikoa izan dezagun, zertara goazen konturatu gaitezen eta zein mezu eman nahi diguten, ez dadila moda kontua soilik izan.
Eta azkenik, instituzioei, gobernuei, udalei deia luzatzen diet diruen kudeaketan zakua ez dadila hustu bakarrik makroekitaldietara. Hainbat plazatan, kultur etxetan, gaztetxetan, liburutegietan egiten diren kultur jarduerak ere, diruz lagunduak izan daitezen denak bizi ahal izateko.