Espazio publikoen erabilera herri ttikietan

Erabiltzailearen aurpegia Gabi Goia Iparragirre 2026ko otsailaren 1a

Dagoeneko urte batzuk ditugunok eta gure bizitza eskualdeko herri hauetan egin dugunok azken urteetan gure herri inguruetan eta bertako karriketan gertatu den aldaketaren testigu izan gara.

Bazter guztiak autoz bete ditugu, karrikan bakean ibiltzerik ez dago, etxeetarako sarrerak blokeatuak, garajeetara sartzeko zailtasunak, kotxeen eta pertsonen artean trabak eta arriskua, soinua eta kutsadura... Aldaketa hau segur aski poliki-poliki gertatu izanen da, baina orain arte nik ez nion erreparatu. Eta orain, jubilatu baten begirada lasaiago batetik jasangaitza iduritzen zait.

Arazo hau baserrietan edo auzo berrietan ez da gertatzen, herri kaskoetan, alde zaharrenetan eta karrika estuak diren tokietan gertatzen da gehienbat, hain zuzen, dendak, terrazak, ostatuak eta gainerako zerbitzuak dauden karriketan, jende gehiena pilatzen den tokietan.

Zer egin daiteke egoera hau hobetzeko, oinezkoen eta autoen arteko elkarbizitza gizatiarragoa izateko? Jakin badakit gaur egungo hirigintzan oinezkoen eta ibilgailuen arteko bizikidetza hobetzea erronka garrantzitsua dela, afera hau udalei dagokiela eta udal teknikariekin batera, gaiari bueltak emanez, urteak daramatzatela neurriak hartzen eta formulak bilatzen. Neurri hauetako batzuk ikusten ditugu gure udalerrietan: kanpoko disuasio aparkalekuak eraiki herri sarreretan edo irteeretan kotxeak utz ditzakegun erdigunea oinezkoentzat utziz; abiadura gehienez 20 km/h-ra mugatu, espaloiak eta errepidea maila berean paratu auto gidariari espazioa ez dela berea oroitarazteko, ikastetxeetako sartuirteeretan pasabide argiak marraztu eta zaintza egokia paratu...

Hala eta guztiz, ez da nahikoa, nire egunerokoan hainbat arrisku egoera ikusi izan ditut: espazio ttikietan haurrak, bizikletak eta kotxeak gainezka, pertsona heldu bat izutua auto baten ispiluak jo duelako... Herritarron buruetan zer edo zer aldatzeko beharra sumatzen dut. Oinezkoek lehentasun osoa izateko kontzientzia barneratu behar genuke eta auto batekin parez pare pertsona guztiak zaurgarri bihurtzen garela ohartu, umeak eta adinekoak oraindik gehiago. Nahitaezkoa dugu autoa zentzuz erabiltzea eta ez jostailu edo denbora-pasa gisa.

Bertze behin balioekin hezitzearen beharrera ailegatu naiz. Familietatik hasi, ikastetxeetan segitu eta komunikabideen bidez indartuz, karriketan ere elkar nola errespetatu ikasi behar genuke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun