Egin beharrekoak gerorako uztea, betebeharrak gibelatzea, noiz edo noiz denok egin dugun zerbait da. Geure buruari zenbat aldiz ez diogu erran, «gaur ez dut denborarik», «bihar hasiko naiz» edo «beranduxeago deituko diot». Gero, gure burua zigortu izan dugu, alferrak garela pentsatuz, gogo exkaxa jarri dugula eta berriz ez zaigula gertatuko agintzen diogu geure buruari.
Psikologiaren ikuspuntutik, jokabide honen azpian beldurra dago. Egin beharrak gibelatzen ditugu gaizki aterako zaizkigunaren beldur, edo emaitza ez delako gure gustukoa izanen, edo gure ardura ongi betetzeko gai ote garen zalantzak ditugulako. Geure burua ezbaian ikusten dugu eta beldurra agertzen da.
Gerorako uztea ez dela perezagatik edo axolagabekeriagatik, sakonean dugun beldurragatik baizik, ez da sinplea eta erraza. Denbora gehiago behar dugula edo antzeko aitzakiak jartzeak ez digu laguntzen. Jarrera hau aldatzeak zintzo jokatzea eskatzen du eta geure burua ezagutzeko ahalegina egitea.
Zerbait beranduagorako uzten dugunean, gure beldurrari ez diogu aurre egiten. Izutzen gaituena gibelatzen dugu maila emanen ez dugulakoan. Momentuan lasaitasun pixka bat izanen dugu, baina luzera begira, ezinegona eta antsietatea handitzea bertzerik ez dugu lortzen. Gainera, eginbeharra hortxe dago, berarekin daraman beldurrarekin batera.
Jarrera hauei aurre egiteak geure burua patxadaz aztertzea eskatzen du. Zintzoki norberari galdetzea: zergatik ari naiz egin behar hau gibelatzen? Gerorako uztea beldurraren seinalea dela baldin badakigu, geure burua entenditzen saiatu behar dugu epaitu gabe, denok ditugula kezkak eta beldurrak onartu eta gure baitan konfiantza jarri eta ez utzi beldur horiek oztopoa izan daitezen.
Zeri diogun beldurra onartzea garaitzeko lehenbiziko pausoa da. Aitzakiak eta ihes egiteak uztea erabakitzen badugu, izuei aurre eginen diegu eta orduantxe hasiko da guregan benetako garapena eta aldaketa.