Zahartzaroari parez pare begira

Erabiltzailearen aurpegia Gabi Goia Iparragirre 2024ko aza. 17a, 09:30

Gaurkoan gai zail batekin natorkizue, bizitzan dena ez baita polita eta alegera. Denoi, lehentxeago edo beranduxeago garai gogorren bat bizitzea tokatzen baitzaigu eta niri egokitu zait nire amaren bizitzako azken urteak bere ondoan egotea, poliki-poliki doan gainbeheraren testigu izatea eta bera zaintzea.

Ni bederen inongo eskolan ez naute prestatu egoera honi duintasunez aurre egiteko. Ez nuen sinetsiko duela urte batzuk erran bazidaten nire ama ez ezagutzeraino ailegatuko nintzela. Maite ditugun gurasoen galera eta dolua heriotza baino lehen hasten baita, zituzten gaitasunak eta ezaugarriak pixkanaka galtzen doazen neurrian. Zahartzaroak dakarren hondatze fisikoa eta kognitiboa egunez egun gertatzen da, haurra edo gaztea zarenean ezagutu duzun ama edo aita itzali arte eta zure menpeko bihurtu arte eurek konturatu gabe.

Nire kasuan, amarekin, lehenbiziko seinaleak jantziekin nabaritu nituen, bere arropa ez zuen ezagutzen, lo egiteko pijamarekin egunez ibiltzen hasi zen, beti apaina, garbia eta dotorea ikusitako emakumea egun batean mantxarekin topatzen nuen edo bizpahiru alkandora bata bertzearen gainean jantzita etxetik ateratzen zen.

Gero, bere interesak mugatuz joan ziren, irakurtzeko gogoa, telebistari segitzeko ahalmena gero eta urriagoa... Eta horrek gure arteko komunikazioa infantilizatzea ekarri zuen. Bertze eskaloi bat fardelaren beharra izan zen. Pauso hori ematea, fardela behar duzula onartzea zaila da, euren duintasuna eta autonomia zalantzan jartzen da eta ingurukoek konturatuko direlako beldurra eta lotsa sentitzen dute. Zenbat istripu, zenbat eztabaida eta haserrealdi gai honekin!

Zutik ibiltzeko gaitasuna, nahi den tokira joateko ahalmena, autonomia deitzen duguna galtzeak izugarrizko eragina du animoan, autoestimuan eta hitz batean adinekoaren osasun mentalean. Nire ama bezalako pertsona aktiboak ibiltzeko gaitasuna galtzen duenean maldan behera doa abiadan. Zenbat aldiz aditu ote diot: «Deusetako ez naiz».

Eta etapak aitzinera doazenean, ohatzetik jaiki nahi ez duenean, edota jateari uko egiten dionean... horiek bai momentu latzak!. Orduantxe bai sentitu ditudala beldurra eta kezka heriotzaren atarian ikusi dudalako hain maite dudan pertsona.

Batek baino gehiagok erranen du bizitzaren legea dela eta horrela onartu behar dugula. Bai, egia da eta horrela hartu behar da, baina ez da batere erraza. Prozesu honetan bizi nahi ez nituzkeen egoerak pasatu ditut eta egunerokoan, sentimendu pila batekin topo egin dut: izugarrizko pena eta tristura galtzen dudanarengatik, erruduntasuna egiten dudana baino gehiago ez egiteagatik, beldurra eta ikara heriotzako momentuari...

Bizitzako bidean hainbat egoera latz izaten dira, bat-bateko galerak, eritasun luzeak, ustekabeko istripuak... bakoitzak bere minarekin eta sufrimenduarekin. Nik idatzi dudana nire esperientzia bertzerik ez da, neronek bizitua eta nire ikuspegitik kontatua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun