Herritarren eta hiritarren arteko arrakala

Erabiltzailearen aurpegia Gabi Goia Iparragirre 2024ko api. 14a, 09:30

Nahiz eta herri ttiki batean bizi, gure eskualdean mugitzen garenok hiriarekin nahiko harreman hurbila dugula erran dezakegu, bai Donostiarekin bai Iruñearekin kasuan kasu. Itxuraz, egoera ezin hobea! Herriaren eta hiriaren abantailaz disfrutatzeko aukera paregabea!

Baina ez da beti horrela. Landa eremuan bizi garenontzat, bizi baldintzak aginduta, nahitaezkoa izaten da hirira joatea herriak eskaintzen ez dizkigun zerbitzuak nahi baditugu: ospitalera, unibertsitatera, aisialdiaz gozatzera...

Eta hementxe topo egiten dugu hiritarren eta herritarren arteko arrakalarekin. Edozein hitzordutara joateko (medikua, abokatua, administrazioa) autoa behar dugu, gidabaimena ere bai, eta hirian aparkatzea gurutze bidea bilakatu da bertan bizi ez garenontzat. Goi mailako ikasketak egin nahi baditugu bizitokia behar dugu, horrek dakarren gastu ikaragarriarekin. Kultura mailan hiri batean dagoen oparotasuna sekulakoa da (zinea, antzerkia, ikastaroak, hitzaldiak, erakusketak), auzo bakoitzak bere kultur etxea ere badu. Ez dut aipatu gabe utzi nahi, hirian, garraio publikoan mugitzeko dauden aukerak, laguntzak eta erraztasunak, behar-beharrezkoak iduritzen zaizkidanak, baina herri ttikietan existitzen ez direnak.

Eta, neurekoia naizela pentsa dezakezuen arren, konparazioak eginez, non dago ekitatea eta berdintasuna herrietako biztanleriak eta hirietako biztanleriak eskura ditugun zerbitzuen artean? Batzuek eta bertzeek ordaintzen ditugun zergek ez al dute berdin balio? Lehen eta bigarren mailako herritarrez osaturiko gizartea sortzen ez ote gara ari?

Nahiz eta administrazio publikoen ahaleginak hor dauden, gaur egun landa eremuaren gabeziak nabarmenak dira. Goian aipatutako zerbitzuez gain, bereziki garrantzizkoa da Interneteko sarbiderako dauzkagun zailtasunak. Familiek, lantokiek eta ostalaritza guneek behar-beharrezkoa dituzte kalitatezko komunikazio bideak Internet sarearen bidez.

Garapen jasangarrian, ingurunearen zaintzan, balio ekologikoen kontserbazioan, paisaian... horretan guztian ezinbertzekoak omen gara baserritarrak eta landa eremuetako biztanleak, baina susmoa dut, boto kopuru handienak hirietan daudenez, gutaz atzendu egiten direla. Herrietan bizi garenon bizi baldintzak hobetzeko proposamen errealak eskatu behar dizkiegu gure gobernuei. Herri guztietan gutxieneko zerbitzu batzuk beharko genituzke. Minimo horietaz gain, herri bakoitzerako hirietako baliabide berdinak izatea ezin da eskatu, baina gabezi horiek konpentsatzeko neurriak lagunduko lukete egoera parekatzen eta ezberdintasunak orekatzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun