Historian zehar, ia filosofo eta pentsalari orok idatzi dute gai honi buruz, Aristotelesek erran omen zuen Etika bere liburuan: «Adiskidetasuna zerbait noblea da, eta beharrezkoa ere bai, bizitzarako beharrezkoena: adiskiderik gabe inork ez luke bizi nahi izanen, gainerako guztia edukita ere».
Egiazko lagunen artean gaudenean lasai eta babestuak sentitzen gara. Pentsatzen duguna errateko edo sentitzen duguna egiteko ez dugu beldurrik. Adiskide artean ahalduntzen gara eta indartsuago sentitzen gara… Akaso lagun arteko otordu batek ez ahal digu eskaintzen gorputz eta arimaren plazer guztiak asetzeko aukerarik? Alde batetik, jana, edana, irria, lasaitasuna eta bertzetik, zoriona, elkarrizketa goxoa, kontsolamendua, esperantza edo oroitzapenetarako momentuak.
Gure kulturan, adiskidetasuna bigarren mailako balioa bezala saldu nahi izan digute maitasunaren aldean. Abestietan, pelikuletan, nobeletan maitasun tradizionala edo bikotekideen arteko amodioa goraipatu da laguntasunaren gainetik eta zoriontasunaren ezinbertzeko iturritzat kontsideratu izan da. Ez digute azaltzen maitasuna idealista dela, errealitatearekin topatzean eta espektatibak betetzen ez direnean, beldurra, zeloak, gorrotoa edota mendekotasuna agertzen dela. Adiskidetasuna, berriz, askeagoa da, arrazionalagoa, harreman parekideak eskaintzen dizkigu eta miresmena eta konfiantzarako baratze ederra bilakatzen da. Ez naiz ari erraten maitasunari uko egin behar diogula, ez, adiskidetasuna erdigunean jarri nahirik nabil, biak, maitasuna eta adiskidetasuna, erabat bateragarriak direla.
Laguntasunaren alderdi terapeutikoa ere aipatu nahi dut. Lagun bati ez diogu beldurrik eta gainera, lagun baten ondoan beldurra desagertzen da. Adiskide artean, seguru sentitzen garelako, garen bezalakoak izateko baimena izanen dugu eta eman dezakegun hoberena aterako da guregandik: bakardadean dagoenari konpainia, gaixoari kontsolamendua, beharrean dagoenari laguntza... Horrela, bai banaka bai taldean, gizarteari eskaini ahal izanen diogu barrenean dugun hoberena.
Erein dezagun ba adiskidetasunaren hazia gure inguruan, landu dezagun egunero-egunero, eta praktika honetan gero eta zoriontsuago izan gaitezen.