Garai hartan barrenak eskatzen zidan desio bat bertzerik ez zena, gaur egun, sozialki zabaldu den kezka eta erabat plazaratu den ideia bilakatu da. Zaintza, gizarte zerbitzuen kezka nagusienetakoa bihurtu da, bertso txapelketako gaia ere bai, eta berehala hauteskunde atarian gaudenez, alderdi politikoen agendan agertuko den esparru garrantzitsua ere.
Gizakiok zaurgarriak gara, bizitzako momentu jakin batzuetan zaintza premiak ezinbestekoak ditugu (haurrak garenean, eritasunean, behar bereziak ditugunean), baina, ongi gaudenean ere, eguneroko beharretan, arrisku egoeretan, zapalduak sentitzen garenean gure ondokoaren edo komunitatearen zaintzak konfiantza eta babesa ematen digu.
Zaintza gizakion ongizaterako ardatza da. Alde batetik, ikuspegi sozialetik, zaintza eskubide kolektiboa da, denon eskubidea da eta erakunde publikoen eginkizuna izan behar du herritarrak duintasunez zainduak izatea. Zaintza lanak aitortu behar ditugu, prestigio gutxikoak izan dira bai familian bai gizartean eta lan mota honek gizarteari egiten dion ekarpena aitortu behar litzateke.
Gaur egun familiak dira zaintza lanen zama nagusia dutenak eta honek desorekak sortzen ditu. Eta familia barrenean emakumeak dira zaintza lan gehienez arduratzen direnak honek dakarren karga bidegabea jasanez. Ezin ahantzi gure adinekoen zaintzan emakume migratuek egiten ari diren lan ikaragarria, hauen bizi eta lan baldintzak zainduak eta errespetatuak behar lukete denon onerako. Zaintzaren gaia erdigunera ekartzeko badago mugimendua bai komunitatean bai erakundeetan, baina, oraindik aunitz dago pentsatzeko eta egiteko.
Bertzalde, arlo pribatuan, denok dugu ardura eta zeregina elkar zaintzearen alorrean. Ttiki ttikitatik familian, herrian, eredu onak izanez gero, elkar zaintzen ikasi egiten da. Gure anai-arrebaz, gure txakurraz edo lagunaz arduratzen bagara haurrak garenean, adinarekin ingurukoen zaintzari (gurasoak, bikotea) garrantzia emanen diogu eta beraien zaintza ahalik eta hobekiena antolatuko dugu.
Gizarte duin eta justu baterako elkar zaintzea izugarrizko balioa da, batak bertzeari laguntzeak parekidetasuna sortzen du, biolentzia gutxiagotzen du eta herritarren arteko bizikidetza hobean laguntzen du.