Manipulazioa

Erabiltzailearen aurpegia Gabi Goia Iparragirre 2022ko uzt. 31a, 11:00

Denbora aldakorra eta segurtasunik gabea bizitzen ari garelako sentsazioa daukat. Telebistan aditzen dudanarekin, sare sozialetan leitutakoarekin behin eta berriz harritua gelditzen naiz...

Zer kontatzen ari da esatari hau? NATOko goi-bilera horretan, gizartearentzat zerbait eraikigarria adostu zuten ala guztion dirua erruz xahutu zuten? Gerra, suteak... Atzoko mixeriak non gelditu dira gaur? Irailerako izugarrizko krisia omen dator eta udan denak oporretara joatera animatzen gaituzte...

Norbaiti interesatzen zaion tokitik eraman nahi gaituztelako bizipena gero eta argiagoa dut. Eta sentipen honetan pixka bat sakondu nahian, alde batetik eta bertzetik 'manipulazio' hitza agertzen zait. Gizarteko esparru pila batetan islatzen da manipulazioa eta moda-modan dago egunerokoan. Ikerketa pertsonal ttiki bat egin ondotik, hauexek dira ondorio batzuk. Datuak manipulagarriak dira, denok aditu ditugu gure politikoak hauteskunde gauetan emaitzak erabiltzen bakoitzak bere aldera egiteko. Legeak ere bai, egun hauetan aditzen ari gara 'Memoria Historikoaren Legea' nahasten, asmatzen, hitz batean manipulatzen. Ekonomia ere erabil daiteke alde batera edo bertzera egiteko, hona hemen berri bat: «Auzitegi Nazionalak Iberdrolari epaiketa ireki dio argiaren prezioa manipulatzeagatik». Eta nola ez, pertsonak eta irudiak zikindu eta kaltetu daitezke beraiei buruzko egia ez den informazioa erabiliz eta zabalduz, egun hauetan denen ahotan dabilen Ferrerasen eta Villarejoren arteko elkarrizketa, Iglesias zikintzeko kasua, horren adibide dugu.

Gaiaren inguruan informazioa bila nenbilelarik niretzat berria izan den hitz potolo batekin topo egin dut: 'manipulazio mediatikoa'. Iritzi publikoa moldeatzeko, aitzinetik pentsatuak eta antolatuak diren estrategia sorta bat izanen lirateke, kasu batzuetan 'egia' aldatuz entzuleengandik lortu nahi dena bideratzeko asmoarekin. Honela, gizarte hau mugitzen duten 'indar ezkutuek', komunikabideen bidez, estrategia hauek erabiliz gizartea beraien nahietara eramatea lortuko lukete.

Gaur eguneko jendartean komunikabideek garrantzi eta itzal haundia dute. Ni ez naiz komunikazio mundukoa baina espero dut kazetaritza edo ikus-entzunezko fakultateetan komunikabideen ahalmen manipulatzailearen ikasgaia sakonki landuko dutela, profesional zintzoak eta baliodunak formatuz. Bertzalde, hain indartsu eta hainbertzeko presentzia duten komunikabide haundi horien parean, tokian tokiko komunikabide ttikiak eta independenteak –bertako aldizkariak, irratiak, telebistak– are beharrezkoagoak dira errealitatea ezagutzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun