Sinestezina bada ere, XXI. mendean eta Europaren erdian gerra batean gaude. Tankeak karriketan, misilak zeruan, fusilak banatzen gaztetxoei, alarmak gauean, jendea ihesian beraien etxeak utziz eta, okerrenean, hildakoak han eta hemen. Nola gertatzen ari da hau gaur egun? Erdi Aroan biziko bagina bezala, agintari indartsu batek erabaki du bere ondokoa menderatu behar duela eta indarrez herrialde horren jabe egin behar duela. Jostetan ariko balitz bezala! Inguruko herrialdeko buruzagiak berriz, baten alde eta bertzearen alde, bakoitzaren interesaren arabera. Bertze hainbat ere sakelak betetzen, gatazkan ari direnei armak salduz. Eta herri xehea, sufritzen, bizitza osoko lanarekin eta sakrifizioarekin lortu duena egun batetik bertzera galtzeko punttuan dagoela ohartuz.
Mundu mailako pandemia batean murgildurik bi urte daramatzagu, herrialdeetako osasun sistemak indartzeko milioiak sartuz, txerto eta tratamenduetan ikerketa bultzatuz, pertsonen ongizatea bilatzen eta elkar zaindu behar dugula barneratuz. Eta orain zer? Pertsonak salbatzea lehentasuna baldin bada, nola ulertzen da gerra batean elkar hiltzeari ekitea? Niri ez zait burutan sartzen, ez dut ulertzen zentzugabekeria hau!
Bizi garen planeta hau konpartitu behar dugunez, eta bakoitzak gure interesak defendatu nahi ditugunez, lehen, orain eta beti izanen dira herrialdeen arteko istiluak, ezin ulertuak eta norgehiagokak. Baina, gatazka honetan edo bertze edozeinetan, istiluak konpontzeko indarkeriaren bidea hartzen bada, beti indartsuenak irabaziko du eta galtzaileak izanen dira. Indarkeriaren adierazlerik bortitzena gerra da, eta honek sufrimendua eta ondorio latzak dakartza bizitzen dutenei eta ondorengo belaunaldiei. Indarkeria erabili gabe gatazkak bideratzeko moduak badaude, batzuk bertzeen gainetik jarri gabe. Historiak erakutsi digunarekin eta gizarteak izan beharko lukeen eskarmentuarekin nahiko tresna baditugu bide bakezaleagoak jarraitzeko eta denon arteko bizikidetza urratsetan aitzinera egiteko.
Mundu hobe bat eraiki aldera, balio eta jarrera bakezaleak bultza ditzagun, eta biolentzia edo indarkeria gaindiezinezko marra gorria izan dadila gure egunerokoan.