Lau-bortz urteko umetxoak irakurtzeko irrikitan sumatu ditut, ipuinean ikasi dutena niri kontatzeko, etxera eramanen duten liburuxka aukeratzen emozioz beterik... Ez dakit haur horiek noiz arte segituko duten ohitura polit honekin baina hazia ereina da dudarik gabe.
Pantailen garaian jaio dira gaur egungo haur eta nerabeak, koloreez, argiez eta etengabeko mugimenduez estimulatutako buruak dituzte umetxo horiek, oraindik garatu gabeak gainera. Helduok nahi izanen dugu eguneroko beraien eginkizunetan kontzentratzea, eskolan arreta mantentzea eta gaua ailegatzean ongi lo egitea eta hori zaila gertatuko zaie beraien garuna hipermugitua dagoelako. Ez ditugu gutxietsi behar gure inguruko tresna teknologiko hauen guztien arriskuak, dena eginda ematen zaie, esperatu beharrik gabe eta irudimenik erabili gabe. Umeak gero eta ttikiagoak hasten dira gailu hauek erabiltzen eta bai beraiek bai gurasoak eta, atautxi-amatxiak ere erranen nuke, gero eta engantxatuagoak gaude.
Eta gailu hauei denbora lapurtu nahian dator irakurzaletasunaren gonbidapena. Leitzea, liburu edo ipuin batean murgiltzea, kontzentrazio eta memoria ariketa bikaina da, mundu berriak ezagutzeko desioa pizten du, ingurua ulertzen laguntzen digu eta norberaren sormena eta irudimena aberasten du. Bakarka edo taldean leituz senti daiteken plazera da. Irakurlea den orok ezagutuko du leitzen ari den liburua berrartzeko gogoa edo bukaera nolakoa izanen den jakiteko grina! Liburu bat eskuetan gozatzeko gai denak bizitza osorako lagun baten jabe da, bakardadean, gaixotasunean eta zahartzaroan ere bai.
Irakurketa burua garatzeko aktibitate ona dela erran dezakegu baina ez da berez sortzen, landu behar da, ahalegin bat egin behar da liburuen mundura hurbiltzeko eta gure burua bideratzeko, ttiki-ttikitatik eta egunero. Haurtzaroan, liburua eta leitzen duenaren artean lotura sortzen baldin bada bizitza osorako izaten da. Ez dago botoi bat zanpatu eta ttak irakurzaletasuna piztuko duenik, esfortzua eta denbora eskatzen du bertze zaletasun guztiak bezala. Gero, ahalegin horrek bere saria izanen du etorkizunean.