Erretirora ailegatu izana berez pozgarria da, zorioneko momentua dudarik gabe, baina ezin ukatu bizitza goitik beheiti aldatu zaidala.
Nonbaitetik hasi behar eta, denboraren bizipen diferentea nabaritu dut: nahi dudana egiteko denbora dut, gaur ezin badut bihar egin dezaket, lasaitasunez ohatzera joan naiteke biharkoarekin estutu gabe. Sentipen hau zoragarria da!
Eguneroko ohiturak erabat aldatu ditut, behar adina lo egiteko aukera dudanez, nahiko lo egin dezaket. Otorduak ere zuzenago egiten ditut, beti ordu bertsuan, behar den denbora hartuz, kalitatea zainduz, erosketak egiterakoan ere behar bezala pentsatuz, aukeratuz eta elikagai sanoak erabiliz. Honek guztiak bizi kalitatearen hobetzea dakar, dudarik ez!
Honainokoak ikusita bizitza hagitz sinplea eta erraza bilakatzen dela dirudi… eguneroko oinarrizko beharrak ase eta listo!
«Pertsona naizen heinean konplexua naiz eta neurri honetako bizimodu aldaketak gibelean utzi dudanaren dolu prozesu bat eskatu dit»
Baina ez da horrela, pertsona naizen heinean konplexua naiz eta neurri honetako bizimodu aldaketak, gibelean utzi dudanaren dolu prozesu bat eskatu dit. Urteetan zehar, lanaren bidez lortu dudan asebetea, estatusa, harremana, bat-batean eten da eta momenturen batean krisi pertsonala bezala bizitzea ere ekarri dit. Urteetan irakaslea izan naiz eta orain, erretiratu ondotik, nor/zer naiz? Ez da erraza galdera honi egun batetik bertzera erantzutea, garai berri honetan poliki-poliki neure burua birkokatu behar baitut.
Nire kasuan, bizimodu aldaketak ingurune soziala eta harremanak aldatzea ekarri dit. Lanbideak ordu aunitz bete dizkit, lankide eta lan munduko lagunarteak sozializazio aukera ugari zituen eta erretiroarekin bertze espazio batzuk bilatu behar izan ditut etxean zokoratuta ez gelditzeko.
Eta beharbada garrantzitsuena, 60 urtetik goitiko bidean, bizitzaren azken txanpan sarturik ikusten dut neure burua. Arriskuko taldean kokatuta nago hainbat gaixotasunetarako, txertoak hartzeko, gida-baimenerako, depresioan erortzeko… Nire osasun fisikoak eta psikologikoak duen garrantziaz inoiz baino gehiago ohartzen naiz eta nire bizi kalitatea egunero zaintzera eramaten nau.
Zer galdu dut erretiroarekin? Eta zer irabazi dut? Ongi pentsatuz gero, galdera hauen erantzunek ez dute garrantzirik. Ongi merezitako garai berri bat bizi behar dut, ahalik eta gehiena disfrutatuz. Horixe dut argi!