Koronabirusa, eta gero zer?

Erabiltzailearen aurpegia Gabi Goia Iparragirre 2020ko mai. 17a, 11:00

Zaila egin zait idatzi honetarako gaia aukeratzea. Lehen momentuan Covid 19arekin zerikusia duen edozer gauzari uko egin nahi nion, hainbertzekoa baitzen zen nire betekada! Baina... ezin izan dut, berrogeita hamar eguneko itxialdiak bere ondorioak izan ditu niregan eta bizitzen ari garen momentu honek, nire ekintzak, pentsamenduak eta emozioak bete-betean baldintzatu ditu. 

Gure bizitzak hankaz gora jarri eta etorkizuneko planak kolokan gelditu diren honetan, barrenak dardaratu zaizkigu eta, lehen egunerokotasunak tapatzen zituen emozioak eta bizipenak azaleratzeko aukera izan dugu: gure burua gaixotzeko beldurra, ingurukoak galtzekoa, lanik gabe gelditzeko kezka, familia ez ikusteak dakarren tristura, etxetik eta herritik mugitu ezinak dakarren haserrea, etorkizunean gure askatasuna galtzeko beldurra...

Eta bakoitzak gure baitan ibili dugun zurrunbiloa aski ez eta, ingurutik, telebistatik, Whatsappetik jaso duguna! Zenbateko kaltea egin diguten beldurra, ziurtasun eza, ezinegona, tentsioa eta etengabeko kexa adierazten duten mezuek ... Eta alderantziz, ikuspegi baikorra eman digutenean, elkarren artean hitzak, kantak, bertsoak konpartitu ditugunean, zenbatez eramangarriagoa egin zaigun egoera!

Bizi dugun itxialdi honek buruari bueltak eta bueltak emateko aukera eskaini digu eta ziur nago bakoitzak bere ondorioak atera dituela: hemendik aitzinera zer nolako bizimodua nahi dut niretzako? Zer ikasi dut krisialdi honetatik? Eta etorkizunerako zer nolako jendartea nahi dut eta zer egiteko prest nago bide horretan laguntzeko?

Norberak bere erantzunak bilatu beharko ditu dudarik gabe; nik, hementxe utziko dizkizuet nireak:
Nire burua zainduko dut, elikadura, ariketa fisikoa, nire alderdi emozionala eta espirituala ere bai. Natura zaindu eta berarekin harremana bilatuko dut ahal den guztietan. Hurbilekoak zaintzen ahaleginduko naiz. Pertsona erdigunean jartzen duen jendarte baten alde lan egin nahi dut, sortuz, eraikiz, konpartituz, lagunduz...

Ez dakigu etorkizunak zer ekarriko digun baino etorriko dena konfiantzaz hartu nahi dut, nire indar guzia horretan jarriz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun