Jaiotzen garenean haurrak gara, babesgabeak, ahulak, eta zahartzaroan, bizitzaren zikloa ixtera doanean haur izatera itzultzen gara. Gurasoen zahartzaroan, seme edo alaba garenok zainduak izatetik zaintzaile izatera pasa behar dugu, haurtzaroan gure babesa izan zirenak orain gure babesa behar baitute.
Eta ez gaude inolaz ere prestatuak, paper aldaketa hau onartzea bide luzea baita. Gure gurasoak hondatzen ikustea, heriotza gero eta hurbilago sentitzeak izutzen gaitu, haserrarazten gaitu eta bizitza konplikatzen digu. Angustia honek gure bizitzaren bidaiak amaiera duela aitzinean jartzen digu eta eguneroko errealitatetik aterarazten gaitu. Heriotza biziaren partea da, bukaerak tristatzen gaitu eta oraindik gehiago, gure gurasoena baldin bada.
Gurasoak zaintzearekin beraien agurra prestatzen ari gara. Bizian zehar eman digu- tena, maitasunez itzultzea izan beharko luke garai honen helburua. Eginkizun hau egiteko modu aunitz daude, guraso eta seme-alaben arteko harreman adina modu. Seme-alaba hiperbabesleak izan gintezke, beraien ondoan gure bizitza hipotekatzera iritsi arte edo bertze muturreraino joanez, egoerari uko egin eta distantzia jar dezakegu geu eta gurasoen artean... Ez bata ez bertzea ez dira gomendagarriak, bi aldeak kaltegarriak baitira zaintzailearentzat. Lehenengo kasuan askatasunik eta bizitza propiorik gabe gera baikintezke eta bigarren kasuan familiarekin harremanak hautsirik.
«Guraso eta seme-alaben arteko harremanean oreka da aukerarik onena»
Bertze behin, oreka da aukerarik hoberena, sanoena. Oreka hau zehazteko moduak askotarikoak izan daitezke, hurbileko zahar-etxe batean bizitzea, etxea konpartitzea, bi etxetan bizitzea tartean elkartuz, kanpoko zaintza profesionala etxera ekartzea... Zaintza modu guzti hauek familia bakoitzaren egoera afektiboa, ekonomikoa eta laboralaren ondorioa dira eta ezin dugu erran bata bertzea baino hobea denik, are guttiago familiaren egoera ezagutu gaberik. Modua edozein izanda ere, hagitz garrantzitsua da hurbiletik eta maitasunez bide honetan akonpainamendua ematea eta jasotzea. Guraso eta seme-alaben eremuak eta momentuak errespetatuz, goxotasunez muga eta betebehar argiak ezartzea beharrezkoa da.
Bertze puntu garrantzitsu bat aipatu gabe ez nuke bukatu nahi. Gurasoekin konpondu gabe ditugun kontuak bizirik dauden bitartean moldatu beharko genituzke. Heriotzak ez du deus argitzen. Ez ditzagun biharko utzi gaur moldatu ditzakegun arazoak.