Giza-abileziak jendartean bizitzeko trebezia multzoa dira. Elkarren artean komunikatuz gozatzeko, pertsonen artean ditugun gatazkak bideratzeko eta inguruari egokitzeko behar-beharrezkoak ditugunak alegia. Trebezia hauek batez ere haurtzaroan barneratzen dira eta laburbilduz, denontzat ezagunak diren jokaera sorta bat bertzerik ez dira: mesedez eskatzen eta eskerrak ematen jakitea, begietara begiratuz solastea, agurtzea, irrifarra egitea, musu ematea, besarkada ematea... Joko arauak errespetatzen jakitea, laudorioak erraten eta jasotzen jakitea, modu egokian «ezetz» erratea, modu egokian «zergatik» galdetzea, bertze umeekin elkarrizketan edo jokoan hasitzea, bertzearen tokian jartzea, eguneroko gatazkei aitzin egitea, bertzeen jarrera okerrak aldatzeko eskatzea, egoeraren arabera modu eraginkorrean kexak adieraztea eta bertzeak zapaldu gabe bere eskubideak defendatzen jakitea.
«Giza-abileziak ttikitan erakustea bizikidetzan urrats garrantzitsua da»
Eta nola ikasten dira abilezia horiek? Hementxe dituzue guttienez lau bide: gurasoen eredua jarraituz; gurasoen komunikatzeko modua ikasten dute umeek: beraien jarrera, solas egiteko modua, arazoak bideratzeko erak, keinuak... Inguruko bertze pertsona erranguratsuetan ere ohartzen dira: zaintzaileak, atautxi-amatxiak, anai-arrebak... jarrera egokiak indartuz eta desegokiak desagertzen utziz; hau da, ongi egiten dutenean beraiei jakinaraziz. Adibidez: «ikusi dut nolako arretarekin entzun diozun amatxiri» edo «hagitz garbi erran didazu hori ez duzula nahi, ulertzen dut» edo «zeinen ederki ikasi dituzu partxiseko arauak». Eta egokiak ez direnean, kasurik ez eginez gero, desagertuko dira. Eguneroko egoerei pixkanaka aitzin eginez gurasoen esku-hartzerik gabe: parkean, ikastetxean, dendan... Guraso edota hezitzaileek espresuki erakutsiz: «galdeiozu nola duen izena», «nola erraten da hori?» edo «egin duzunagatik barkamena eskaiozu».
Hau da ba bidea, giza abileziak ttiki-ttikitatik erakus daitezke eta horrela, gure arteko bizikidetzan urrats garrantzitsua egina izanen dugu.