Sare sozialak, aukerak eta arriskuak

Erabiltzailearen aurpegia Gabi Goia Iparragirre 2018ko uzt. 28a, 20:00

XXI. mendea bete-betean bizitzen ari garenok, gustatu ala ez, teknologia berriekin topo egiten dugula egunero eta esparru guztietan ezin dugu ukatu. Oraindik sakonago begiratuz, gure gaztetxoen sozializazioan, unibertso digitalaren parte sentitzea ezinbertzekoa da, eta sare sozialak erabiltzen ez dituzten edo gutti erabiltzen dituzten gazteek baztertuak izateko arriskuan sentitzen dute beren burua. Gainera, harremantzeko modu honetan parte hartzen ez duen nerabea 'frikia' edo 'berezia' bezala ikusten da gaur egun.

Jendartean eta zenbait hedabidetan zabaltzen ari da mende honetan jaiotako haurrak , 'natibo digitalak',  inguru digitalean aritzeko eta mugitzeko jarrerak eta jakintzak berezkoak dituztela. Ideia hau fantasia bat bertzerik ez da. Gailu digitalak erabiltzea ez da berezko jakintza, ikasi egiten da. Eguneroko errealitateak erakusten digu arriskuak guttitzeko eta sareak eskaintzen dizkigun onuraz baliatzeko praktika arduratsuetan hezitzea behar-beharrezkoa dela.
Bai gurasoentzat eta bai irakasleentzat ere, gai honetan hezitzea kezka handia da eta aunitzetan ez dakigu nola egin. Ondorengo lerroetan oinarri-oinarrizkoak diren hainbat jarraibide ematen saiatuko naiz:
-Lo egiteko orduak ezin dira negoziatu, WIFIa itzali eta gailuek logelatik kanpo egon behar dute. Ikerketek erakusten digute institutuko ikasleen gehiengoak sei ordu baino guttiago lo egiten duela, bederatzi ordu gomendatzen denean.
-Egunean zehar, zenbait toki eta momentu (otorduak, familia bildua dagoenean...) 'pantailarik gabekoak' bihurtu behar ditugu. Nolabaiteko desintoxikazio digitala lortu behar genuke gure begiek eta zerebroak atsedena har dezaten.
-Adin ttikiko neska-mutilen gailuetan dauden aplikazio eta haietatik egiten den guztiaren ardura helduoi dagokigu (gurasoei etxean eta irakasleei eskola orduetan). Honenbertzez, ezagutu behar ditugu erabiltzen dituzten aplikazioak, sartzen diren web orriak, erabilitako bideo-jokoak, eta hauek guztiak zenbat, noiz eta non erabiltzen dituzten.
-Sarean mugitzeko arauak ezagutu behar dituzte: ezezagunei datu pertsonalik ez eman, pasahitz errazarik ez erabili, webcam-eko begia estali, bertze pertsona baten izenean sarean ibiltzea delitua dela jakin eta egiten dugunaren arrastoa betirako gelditzen dela argi eduki.
Eta batez ere erakutsi behar diegu, sare sozialetan ere, bertzeak errespetatu behar ditugula, erabilera okerrak bertzeei mina eta kalte haundia eragiten ahal diela.  
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun