Nerabezaroa eta Gaztediari buruzko Sofia Erregina zentroak, 14 eta 19 urte arteko 2.514 neska-mutilen artean egindako ikerketan, euren artean onartuenak bezala agertzen diren rolak eta estereotipoak biltzen ditu bere txostenean. Hauetxek dira:
- Neskak sentiberak, goxoak, arduratsuak eta langileak dira, eta irudia zaintzen dute. Mutilak, berriz, dinamikoak, mugituak, autonomoak, ekintzaileak, posesiboak eta azalekoak.
- Bikotekidearen mugikorra begiratzea ohikoa da, ez da larria.
- Neskek urkoa ulertzeko gaitasun handiagoa dute, baita maitasuna emateko ere. Sakonagoak eta espiritualagoak dira. Mutilak, aldiz, kiroletan hobeak dira, ausartagoak, teknologia alorrean trebeagoak eta zailtasunei aurre egiteko gaitasun gehiago dute.
- Nerabeek uste dute nesken arteko harremanak gatazkatsuagoak direla; mutilenak, ordea, leialagoak.
- Neskekin errazago hitz egin daiteke familia, maitasuna eta harreman kontuez. Mutilekin kezka orokorrak konpartitzen dira: lagunak, ikasketak, lana...
- Nerabeen gehiengoak mutilak neska babestu behar duela uste du.
- Bikote harremanetan garrantzitsuena leialtasuna da.
- Sexua maitasunarekin lotzen dute emakumezkoek. Gizonezkoek ongi pasatzearekin eta beraien ‘izaerarekin’. Batzuek eta besteek uste dute mutilak beti ‘prest’ daudela...
-Etorkizunera begira, bakoitzak bere familia eta diru-iturria izatea da garrantzitsuena.
-Matxismoa" bertze belaunaldietan ematen da, beraienean ez.
Poliki-poliki jendarte berdintsuago, anitzago eta askeago baten alde lanean ari gara. Itxuraz gero eta askeagoak gara eta elkarren arteko ezberdintasunak errazago onartzen ditugu. Baina erreala da aldaketa? Aurreiritzi eta usteek pisu handia dute gure pentsakeran eta jokaeretan, aunitzetan gu konturatu gabe. Bertzeak ez bezalakoa sentitzen denak sufritzen du eta indar handia behar da norbera den bezalakoa izanez aitzinera egiteko. Bertzeak errespetatzea eta gure burua errespetaraztean dago sekretua.